Ezkurdia: “Oso kontzentratuta atera beharko gara kantxara, ezinbesteko partida delako”

Guaixe 2017ko ots. 2a, 08:45

Ezkurdia-Merinok eta Irribarria-Rezustak ostiraleko Donostiarako partidarako material aukeraketa egin zuten

Binakako Txapelketako 10. jardunaldiko partida ostiralean jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta David Merinok, Irribarria eta Rezusta liderren kontra, Donostian. Asteazkenean egin zuten material aukeraketa. Irribarriak eta Rezustak azken partida galdu zuten, baina 7 puntu dituzte eta puntu bat behar dute finalerdietarako sailkatzeko; lehenbailehen lortu nahi dute. Bestalde, Ezkurdiak eta Rezustak lau puntu dituzte, azkeneko bi partidak galdu dituzte eta irabazi beharrean daude, finalerdietarako sailkatzeko inolako aukerarik ez galtzeko.

“Ostiralean partida oso gogorra daukagu, Merino maila oso altuan jokatzen ari delako eta Ezkurdia bolada onean dagoelako. Azken bi partidatan zorte txarra izan dute. Gu atzelaria zigortzera aterako gara, beti bezala” azaldu zuen Irribarriak.

“Azken bi partidak galdu ditugu, baina gutxieneko aldeagatik. Lehiatzen ari gara, hori da garrantzitsuena, eta xehetasun batzuengatik ihes egin zaizkigu garaipen horiek. Baina oso argi dugu, ostiralean irabazi beharra dugu. Davidekin oso ongi moldatzen naiz, bikote moduan ongi gaude, eta hori kantxan nabaritzen da. Azkeneko partidan nireak izan ziren akatsak” azaldu zuen Ezkurdiak. “Espero dezagun Irribarriaren eta Rezustaren kontra bigarren buelta honetan lehenengoan baino hobe ibiltzea, lehenengoan gure gainetik pasa baitziren. Oso kontzentratuta atera beharko gara kantxara, ezinbesteko partida delako” gaineratu zuen arbizuarrak.