Zabaleta: “Azken partidatan ez dut nire maila eman. Ea hemendik aurrera hobeto aritzen naizen”

Guaixe 2017ko ots. 10a, 13:52

Asteburuko jardunaldirako pilotak aukeratu zituzten atzo Elezkanok eta Zabaletak eta Ezkurdiak eta Merinok. Sakandarrek partida garrantzitsuak dituzte aurretik eta puntuatzera behartuta daude

Binakako Txapelkeltako hasierako ligaxka despeditzeko 3 jardunaldiren faltan, soilik Irribarria eta Rezusta daude sailkatuta finalerdietarako (8 puntu). Gainontzeko bikoek lehia estua dute aurrera egin ahal izateko. Artolak eta Albisuk 6 puntu dituzte eta 5 puntu dituzten hiru bikote daude: Elezkano II.a-Zabaleta, Olaizola II.a-Untoria eta Bengoetxea VI.a-Larunbe. Horretaz gain, Ezkurdia-Merino II.ak eta Altuna III.a-Barriolak launa puntu dituzte eta Urrutikoetxeak eta Imazek hiru. Beraz, oraindik asko dago erabakitzeko. Kontua da Binakako final erdietarako sailkatzeko irabazi beharrean daudela pilotari sakandarrak.

Elezkano eta Zabaleta, gipuzkoarren potentzia gutxitzera
Larunbatean dagoeneko final erdietan dauden Irribarria eta Rezusta liderrak izango dituzte aurkari euren seigarren puntua lortu nahi duten Elezkano II.ak eta Zabaletak. Atzo aukeratu zuten materiala eta Irribarriak eta Rezustak ohikoa duten material mantsoagoa aukeratu zuten. “Pentsatzen nuen gehiago ibiliko ziren pilotak aukeratuko zituztela, bote gehiagorekin” azaldu zuen Zabaletak. Nahiz eta finalerdietarako sailkatuta egon, partida irabaztera aterako dira Irribarria eta Rezusta. “Oso ongi jokatu beharko dugu irabazteko. Partida gogorra izango da, beraiek puntua behar dutelako eta hozka egitera aterako direlako hasieratik” nabarmendu zuen Irribarriak.

Zabaletak azaldu zuen txapelketan egun batzutan ongi eta beste batzutan ez horren ongi dabiltzala. “Uste dut ez nagoela oso txapelketa ona egiten. Azken partidatan ez dut nire maila eman. Ea hemendik aurrera hobeto aritzen naizen” aipatu zuen Etxarrengoak. Zabaletak gaineratu zuen gipuzkoarren potentzia gutxitzen saiatuko direla eta horretarako aurreko koadroetan jokatzen saiatuko direla. “Pilotak ez dira atzera indartsu emateko modukoak. Ea Danelek aurrean bazterrak nahasteko eta tantoak egiteko aukera duen”.

Ezkurdia eta Merino bosgarren puntuaren bila
Bestalde, igandean, euren 7. puntua nahi duten Victor eta Albisu menpean hartu beharko dituzte finalerdietan egoteko aukerak izateko 4 punturekin irabaztera behartuta dauden Ezkurdiak eta Merinok. Atzo aukeratu zituzten pilotak eta, zalantzarik gabe, emozioz betetako jardunaldia izango da.