Ginesa Lopezek eta Raul Audikanak Sakanako Atletismo Kopako saria jaso zuten

Guaixe 2017ko ots. 13a, 11:02

Asteazken arratsaldean egin zen sari banaketa, Lasa Kirolak dendan

Asteazken gauean banatu ziren, Lasa Kirolak dendan, XIII. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria txapelketako sariak.

Sakanako Atletismo Kopan 2016an jokatutako ondoko bost probek puntuatzen zuten: XIII. Aitzkozar Herri Krosak (maiatzak 21), III. Ziordiko Herri Krosak (maiatzak 28), XIII. Ergoienako Birak (irailak 17), XVI. Sakanako Herri Lasterketak (urriak 22) eta XXXVI. Barrikarteren Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8). Bada, proba horietan lehiatutako sakandarren emaitzak kontuan hartuta, emakumezkoetan Ginesa Lopez Cid altsasuarra izan da txapelduna, Izaskun Beunza Azazeta olaztiarraren eta Maite Zabaleta Gomez etxarriarraren aurretik. Eta, gizonezkoetan, Raul Audikana Arrese olaztiarra izan da onena, Sergio Garcia de Eulate Maya altsasuarraren eta Alberto Martinez Trinidad lakuntzarraren aurretik. 

Aipatutako guztiek saria jaso zuten, Lasa Kirolak dendan gastatzeko diru kopurua. Bestalde, Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarriak ziren bost probetan parte hartu zutenen artean –Ginesa Lopez, Maite Zabaleta, Raul Audikana, Santi Agirre eta Joxemari Mercero– saria zozketatu zen eta Raul Audikana izan zen zorteduna.

Aurten ere Sakanako Atletismo Kopa antolatzeko asmoa du Mank-ek.