Binakakoa: oraindik aukerekin

Guaixe 2017ko ots. 13a, 12:54

Ezkurdiak eta Merino II.ak Binakako hasierako bosgarren puntua lortu zuten Victor eta Albisuri irabazita (22 eta 12). Aldiz, Elezkano II.ak eta Zabaletak ez zuten punturik bildu eta bost punturekin jarraitzen dute Irribarriaren eta Rezustaren kontra galdu eta gero (22 eta 18).

Binakako hasierako ligaxkako jardunaldia gazi-gozoa izan da bertan ari diren sakandarrendako.

Larunbatean, Labriten jokatutako partida lehiatuan, Irribarriak eta Rezustak 22 eta 18 irabazi zieten Elezkano II.ari eta Zabaletari. Hasieran, Danel Elezkano ongi ibili zen eta bera eta Zabaleta 1 eta 5 aurreratu ziren. Zabaleta txukun aritu zen baina ez zuen atzeko koadroetan beste batzuetan bezala agindu. Irribarriak dejada batekin tantoa berreskuratu zuen, eta Zabaletak erantzun ezin izan zituen bi sakeekin gutxinaka aldea ateratzen hasi ziren Irribarria eta Rezusta, 12 eta 7 aurreratuz. Baina Zabaletak erantzuten jakin zuen eta 16ra eta 18ra berdindu zuten Elezkanok eta Zabaletak. Baina, bukaeran, 22 eta 18 irabazi zuten Irribarriak eta Rezustak. Zabaletak ez zuen ohi duen nagusitasuna izan eta bost punturekin geratu ziren bera eta Elezkano.

Igandean, aldiz, Joseba Ezkurdiak eta David Merinok horrenbeste behar zuten euren bosgarren puntua lortu zuten Victorri eta Albisuri 22 eta 12 irabazi eta gero. Egia esanda, Victorrek eta Albisuk akats bat bestearen atzetik egin zuten eta horrek garaipena eskutan utzi zien Ezkurdiari eta Merinori.

Hasieran, atzeko koadroetan parez pare aritu ziren Merino eta Albisu, biak bikain jokatuz. Baina Albisu noraezean hasi zen eta horrek hegoak eman zien Ezkurdiari eta Merinori. Victor ere akatsak egiten hasi zen eta, konturatu gabe, 15 eta 6 aurreratu ziren Ezkudia eta Merino, segidan 10 tanto pilatuz. Victor arriskuak hartzen hasi zen baina ez zuen zortea alde izan eta txapa izan zen bere areriorik nagusiena. Ezkurdiari eta Merinori partidan egotearekin nahikoa izan zitzaien garaipena lortzeko (22 eta 12). Horrela, airea hartzeko behar beharrezkoa zuten bosgarren puntua lortu zuten eta finalerdietara sailkatzeko lehian sartu dira berriro.

Sailkapena, berriro estu
Irribarriak eta Rezustak 9 puntu dituzte eta finalerdietarako sailkatuta daude. Baina beste hiru bikoteak zeintzuk izango diren ez da oraindik erabaki, sailkapena estu-estu baitago. Bengoetxea-Larunbek eta Artola-Albisuk seina puntu dituzte, eta 5 puntu dituzten hiru biko daude: Elezkano II.a-Zabaleta, Ezkurdia-Merino II.a eta Olaizola II.a-Untoria. Bukatzeko, Urrutikoetxea-Imazek eta Altuna III.a-Barriolak launa puntu dituzte.

Datorrena
Geratzen diren jardunaldiak ezinbestekoak izango dira finalerdietara nor pasako den erabakitzeko. 5 puntu dituzten Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak 6 puntu dituzten Victor eta Albisu izango dituzte aurkari ostiralean Irunen. Hil ala biziko partida da biendako, arerio zuzenak baitira. Bi bikoak galtzetik datoz eta jokoan dagoen puntua urrezkoa da beraiendako.

Egoera berean daude Ezkurdia eta Merino. Seigarren puntua lortu nahi dute, eta zazpigarrena eskuratu nahi duten Bengoetxearen eta Larunberen kontra ariko dira igandean Eibarren. Ezinbesteko partida hau ere. Bi bikoak irabaztetik datoz, sentsazio onekin, eta ikustekoa dago nor gailenduko den.

12. jardunaldia
Elezkano-Zabaleta / Victor-Albisu (ostiralean, 20:30ean, Irunen. ETB1)
Irribarria-Rezusta / Altuna III.a-Barriola (larunbatean, 17:45ean, Gasteizen. ETB1)
Oinatz-Larunbe / Ezkurdia-Merino II.a (igandean, 17:00etan, Eibarren. ETB1)
Aimar-Untoria / Urrutikoetxea-Imaz (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)