Etxarrik liderrari irabazi zion eta Lagun Arteak hiruna berdindu zuen Beriainekin

Guaixe 2017ko ots. 13a, 14:25
Lagun Artea eta Beriainen arteko partidako jokaldia.

Preferente maila. 19. jardunaldia: Etxarri Aranatz 1 – Bidezarra 0 / Lagun Artea 3  – Beriain 3

San Donato zelaian gogor jotzen zuen haizeak baldintzatu zuen Etxarri Aranatz eta Bidezarra liderraren arteko partida. Lehen zatian Bidezarrak haizea alde izan zuen. Hori nabaritu egin zen, etxarriarrei aurrera egitea kosta egiten zitzaielako. Hala ere, Etxarrik ongi defendatzen jakin zuen. Etxarrik gola egiteko aukera argi bat izan zuen, baina baloia ez zen sartu, eta Bidezar taldeak pare bat jokaldi argi izan zituen, baina Gorriz atezainak ongi gelditu zituen. Bigarren zatian Etxarri dominatzera pasa zen. Horrela, 59. minutuan Goikoetxeak Etxarri aurreratu zuen. Hortik aurrera Bidezarrak ez zuen apenas arriskurik sortu eta 3 puntuak Etxarrin gelditu ziren.

Lakuntzan, bestalde, Lagun Arteak garaipena eskura izan zuen, 3 eta 1 aurreratua egon baitzen Lakuntzako taldea, baina, azkenean Beriainek hiruna berdintzea lortu zuen. Lehen zatian Lagun Artea izan zen jaun eta jabe. Odonek, 24. minutuan, eta Davilak, 43. minutuan Lagunen aldeko bi gol sartu zituzten lehen zatian. Baina gauzak zeharo aldatu ziren atsedenaldiaren ondoren, bigarren zatian Beriainek partida kontrolatu baitzuen. Bigarren zatia hasi eta berehala, Lagun Arteako atezainak izandako zorigaiztoko jokaldi batean baloia ate propioan sartu zen. Horrela, Beriain partidan sartu zen. 75. minutuan Lagun Arteako Danik hirugarren gola sartu zuen, baina handik minutu pare bateara bigarren gola sartu zuen Beriainek. Partidaren denbora beteta, garaipena etxean geldituta zirudienean, 91. Minutuan Beriainek hirugarren gola sartu zuen, partida berdinduz. Horrela, aurreikusi gabeko puntu banaketarekin despeditu zen lehia. Garaipena esku-eskuan izanda, puntu batekin konformatu behar izan zuten lakuntzarrek.

Preferente mailako liderra Bidezarra taldea da (43 puntu). Lagun Arteak hirugarren postuan jarraitzen du (31 puntu) eta Etxarri Aranatz 6. postuan dago (28 puntu). Asteburuan Bidezarra liderraren etxean jokatuko du Lagun Arteak, Noainen, eta Etxarri Aranatzek sailkapenean azkena den San Andres taldea hartuko du.