Berazak Zestoan ekin dio denboraldiari

Guaixe 2017ko ots. 14a, 10:51

II. Kobaz Koba Traileko 25 km-ko proban bosgarrena sailkatu zen uhartearra. San Martin anaia-arreba etxarriarrak 17 km-ko proban lehiatu ziren

2017ko mendi lasterketen denboraldia abian da. Igandean II. Kobaz Koba Trail lasterketa jokatu zen, Zestoan. Korrikalariek bi proba zituzten aukeran, 25 km-koa eta 17 km-koa. 25 km-ko proba 246 korrikalarik osatu zuten eta Julen Martinez de Estibariz (2:09:16) eta Alizia Olazabal irundarra (2:37:40) izan ziren azkarrenak. Jose Luis Beraza uhartearra bosgarrena sartu zen (2:17:22).
Proba laburra, 17 km-koa, 171 korrikalarik burutu zuten eta Gorka Perce oiartzuarra (1:28:15) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra (1:41:53) gailendu ziren. Sailkapen absolutuan, Mikel San Martin etxarriarra 81. postuan sartu zen (2:08:12) eta Erkuden San Martin 89.a (2:11:37) iritsi zen, probako 8. emakumea.