Euskarazko blogintzaren egoera ezagutzeko ikerketan parte hartzeko gonbidapena

Guaixe 2017ko ots. 14a, 12:53

Edozein euskaldunek parte hartu dezake: bloga dutenak, blogak irakurtzen dituztenak edo Interneten dabilen edonor.

Azkue fundazioak euskarazko blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu du. Fundazioko kideek aurretik euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin dute, baina  “azken urtetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta” inkesta publikoa bulkatu dute. Haren helburua euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten, eta abar. Azkuetik jakinarazi dutenez, inkestaren emaitzak publikoak izanen dira eta partekatuko dituzte.  

Azkue fundazioko langileen “aspaldiko kezkak eta jakin-minak” bat egiten du euskalgintzan eta Internet alorrean dagoen kezkarekin. “Ez dago euskarazko blogintzaren egoera islatzen duen ikerketa edo azterketarik. Informazio falta handia dago alor horretan”.

Asmoa
Azkuetarren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienari helaraztea, horrek erantzun kopuru handia jasotzea ahalbideratuko duelako. “Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izanen da. Lortutakoa egoera errealaren isla izango da”. Lortutako datuak “egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatuko da inkesta”. 

Horregatik, alor horretan lan egin eta ekiten duten guztiendako baliagarria izanen da: blogariak, irakurleak, interneteko garatzaileak, erakundeak… Izan ere, azterketa bikoitza egin nahi dute: alde batetik, une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; ea, bestetik, irakurleek zein eduki mota kontsumitzen dituzten ezagutu eta zein behar sumatzen dituzten jakiten nahi dute.

Inkestaren bidez hainbat galderari erantzun nahi liekete: zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? Irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?

Lehiaketa
Azkue Fundazioak berriki Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea da. Lehiaketa hori Argia aldizkariaren laguntzaz antolatu du.