Ibai Jimenez Claver, Bahrain Merida taldeko masajista

Guaixe 2017ko ots. 16a, 12:40

Ion Izagirreren egutegia egingo du eta bere konfiantzazko masajista da

Euskalteletik eta Movistarretik pasa eta gero, talde berria du Ion Izagirre ormaiztegiarrak, Bahrain-Merida taldea. Vincenzo Nibali da taldeburua eta Ion Izagirre da bigarrena, hierarkian. Talde sendoa da Bahrain-Merida, aurrekontu handiarekin sortutakoa, Bahrainen. Nasser printzea dago sorreraren atzean, eta helburua Bahrainen kirol kultura zabaltzea eta Bahrain ezagutaraztea da. Munduko toki askotatik iritsitakoko puntako txirrindulari, entrenatzaile eta profesionalez betetako taldea da. Eta, tartean altsasuar bat dago, Ibai Jimenez Claver masajista.

Ibai Jimenez Euskaltel-Euskadin aritu zen lanean eta aurreko urtean Rural Kutxa-Seguros RGA talde profesionaleko masajistetako bat izan zen. Aurten Bahrain-Meridan ibiliko da, Ion Izagirreren itzala izango da. “Ibai Jimenez Altsasukoa da, konfiantzazko masajista, Euskaltel-Euskadin ibili zen, eta nire egutegia egingo du. Ni Teidera edo Benidormera baldin banoa, nirekin dator. Gero, hamar egun bakarrik egon nintzen, eta hura nirekin gelditu zen. Izan ere, taldeak erraztasun guztiak ematen dizkit. Dena. Prestatzeko garaian “Teidera joan nahi baduzu, joan: dena ordainduko dizugu”,  nonbaitera joan nahi baduzu, taldeak ordaintzen du; masajista, Ibai, beti alboan… masajea hartzeko Indiba makina eskura… erraztasun guztiak ditut” azaldu du Ion Izagirrek Berria egunkarian.

Egutegia
Hortaz, aurten Ibai Jimenezen lana Ion Izagirreren lanari eta egutegiari lotua egonen da. Egun Andaluziako Itzulia osatzen ari dira. Ondoren, Paris-Niza, Tirreno, Euskal Herriko Itzulia, klasikoak, Erromandia eta Frantziako Tourra daude Izagirreren egutegian eta nabarmentzekoa da Tourrera taldeburu joango dela Izagirre, Nibali Girora joango baita taldeburu.