Dagoen argindar linea hobetu eta berririk ez egiteko eskatu du plataformak

Guaixe 2017ko ots. 24a, 10:41
Argindar linea Ihabar parean. Urrunean Ergako trinitatea.

Autopista elektrikorik ez plataformakoek 220 kV-ko Itsaso-Orkoien 2 argindar linearen garraio gaitasuna handitzeko proiektuaren inguruko iritzia eman zuen asteartean. Alberto Frias bozeramaileak udalek jaso duten agiria irakurrita ondorioztatu zuen: “egungo argindar linearen garraio gaitasuna handitzeak Deikaztelu eta Itsaso artean 400 kV-eko linea berria egiteko argudiatu ziren arazoak konponduko lituzke”.

Izan ere, Itsaso-Orkoien 2ko potentzia handitzeko proiektuan jasotzen duenez, “argindar linearen moldatze egokiak etorkizunean hura ordezkatuko lukeen linea berri baten eraikuntza saihestuko luke. Garapen berriei erantzuteko, ingurumen aldetik beti hobe da dauden azpiegiturak baliatzea berriak egitea baino”. Red Eléctrica Españolaren proiektua egiteko argudioak honakoak dira: eskualdean teknika-murrizketak konpontzea, gainkargak txikitzea, pilaketak eragoztea eta aldi bateko sortze murrizketei konponbidea ematea.

Friasek gaztigatu zuenez, Nafarroako Gobernuak aukera hori aspaldi proposatu zuen. Baina Eusko Jaurlaritzak bi lineak bateraezinak zirela esan zien. “Bi gobernuei eskatzen diegu egungo linearen garraio gaitasuna handitzeko eta berria ez eraikitzeko”. Friasek gogorarazi zuen Nafarroako Gobernuari eusten dioten lau indarren Programa Akordioan herrialdeko Energia Plana berraztertzea eta argindar banaketa sarearen ikerketa zehatza, “marko horretan erabakiko da beharrezkoa den edo ez  Deikaztelu eta Itsaso arteko azpiegitura; energia ateratze eskaera erreala, ingurumen eragina, ukitutako herrien iritzia eta bestelakoak kontutan hartuta”.

Plataformak 2016ko maiatzean Manu Aierdi lehendakari-ordeari bilera eskatu zion eta ez zuen erantzunik jaso. Oraingoan Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkos Berruezori premiazko bilera eskaera egin diote. “Badakigu berriki enpresarekin bildu dela”.

26 udal
Horiek dira mozioa onartu eta Nafarroako Gobernuari eskatu diotenak Deikaztelu-Itsaso linearen kontra azaldu dadila. Horien artean daude Arakil, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiaingo udalak.