Binakakoa, korapilotua

Guaixe 2017ko ots. 27a, 13:16

Ezkurdiak eta Merinok Olaizola eta Untoriaren kontra galdu zuten (22 eta 16). Gaur Urrutikoetxea eta Imaz izango dituzte aurkari Elezkano II.ak eta Zabaletak Tolosan. Asteburuko azken jardunaldiak erabakiko du.

Binakako hasierako ligaxkako 13. jardunaldia despeditzeko bi partida geratzen dira oraindik, baina 14. jardunaldiak erabakiko duela da aurreratu daitekeen bakarra, sailkapena ez baitago, inondik inora, erabakita.

Izan ere, larunbatean Ezkurdiak eta Merinok Aimar Olaizola eta Untoriaren kontra jokatutako partidak are gehiago korapilotu zuen sailkapena. Sei puntu zituzten Ezkurdiak eta Merinok eta bost puntu Olaizolak eta Untoriak eta arbizuarrak eta errioxarrak sailkapenean zazpigarren puntua lortu eta finalerdietara sailkatzeko aukera zuten, baina ez zen hala izan eta Olaizolak eta Untoriak lortu zuten jokoan zegoen puntua. Olaizolak binakakoan jarraitu nahi du, lehiakorra da goitik behera, eta puntu horri esker finalerdietara sailkatzeko lehian sartu zen berriro.

Orekatua hasi zen partida. Tanto gogorrak izan ziren, zortzina berdindu zutenean 261 pilotakada emanak baitzituzten. Orduan Olaizolak hartu zuen agintea, erremateetan asmatzen hasi zen eta Alvaro Untoriak maila ona eman zuen atzeko koadroetan. 16 eta 10 aurreratu ziren Asegarcekoak. 19 eta 12ko errenta izatera iritsi ziren Olaizola eta Untoria. Orduan erasora jo zuen Ezkurdiak eta tanto ikusgarriak egin zituen boleaz, horma-bikoak… 20 eta 16 hurbildu ziren Ezkurdia eta Merino. Baina Aspekoen akats batek sakea eman zion Olaizolari, eta azken tanto ikusgarria euren aldekoa izan zen. Horrela, 22 eta 16 gailendu ziren Asegarcekoak.  11 tanto egin zituen goizuetarrak eta pilota motel batekin min handia egin zien Ezkurdiari eta Merinori. Ezkurdiak sei huts egin zituen eta Merinok ez zuen azkenaldian eman duen maila eman. Finalerdietara sailkatzeko aukera galdu zuten Ezkurdiak eta Merinok. Azken jardunaldira arte itxaron beharko da.

Elezkano eta Zabaletaren aukera
Gaur, Binakako hasierako ligaxkako 13. jardunaldia jokatuko da Tolosan, 16:30ean. Urrutikoetxea eta Imaz izanen dituzte aurkari Elezkano II.ak eta Zabaletak. Finalerdietarako sailkatzeko urrezko aukera dute Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaleta, sei puntu dituztenez zazpigarrena lortzearekin horixe lortuko bailukete. Baina Urrutikoetxeak eta Imazek euren seigarren puntua lortu nahi dute, finalerdietarako borrokan sartzeko. Emozioz betetako beste partida bat

Binakakoa. 14. jardunaldia
Irribarria-Rezusta / Urrutikoetxea-Imaz (ostiralean, 22:00etan, Bergaran. ETB1)
Olaizola II.a-Untoria / Artola-Albisu (larunbatean, 17:00etan, Labriten. ETB1)
Ezkurdia-Merino II.a / Altuna III.a-Barriola (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Elezkano II.a-Zabaleta (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)