Urrezko aukera galdu zuten Zabaletak eta Elezkanok

Guaixe 2017ko ots. 28a, 08:57
Azken jardunaldian jakingo dugu Zabaleta eta Ezkurdia finalerdietarako sailkatu diren ala ez.

Mikel Urrutikoetxeak eta Ander Imazek 22 eta 16 irabazi zieten eta finalerdietarako sailkatzeko urrezko aukera galdu zuten. Gaur Bengoetxeak eta Larunbek Altuna III.a eta Barriolaren kontra zer egingo dutenaren zain, egun sei bikote daude 6 puntutara berdinduta

Inoiz baino estuagoa. Horrela dago Binakako Pilota Txapelketa. Gaur despedituko da hasierako ligaxkako 13. jardunaldia, Bengoetxea eta Larunbek Altuna III.aren eta Barriolaren kontra jokatuko duten partidarekin, eta Altuna III.ak eta Barriolak irabaziz gero, sei bikote egonen lirateke seina punturekin. Beraz, Irribarria eta Rezusta izan ezik, hauek, 11 punturekin, finalerdietara sailkatuta baitaude, gainontzeko hiru bikoteak zein liratekeen hurrengo asteburuan erabakiko litzateke, ligaxkako azken jardunaldian.

Elezkano eta Zabaleta daude sailkapeneko bigarren postuan, 6 punturekin. Atzo finalerdietara sailkatzeko urrezko aukera galdu zuten, Urrutikoetxeak eta Imazek 22 eta 16 irabazi baitzieten. Partida oso gorabeheratsua izan zen. Urrutikoetxeari esker 9 eta 3 aurreratu ziren Asegarcekoak. Zabaletak sekulako pilotakadak jo zituen, baina akatsak ere egin zituen. Ondoren Zabaleta agintzen hasi zen, Elezkano arriskatzen, eta 9 eta 11 aurreratu ziren Etxarrengoa eta Zaratamokoa. Baina azken txanpan Urrutikoetxea gailentzen hasi zen berriz. 18 eta 15 aurreratu ziren Asegarcekoak, eta nahiz eta Zabaleta eta Elezkano 20 eta 19 gerturatu, azkenean puntua Urrutikoetxeak eta Imazek lortu zuten. Beraiek finalerdietarako borrokan sailkatzea lortu zuten, euren 6. puntua lortuta eta, Elezkanok eta Zabaletak, aldiz, urrezko 7. puntua lortu gabe geratu ziren, sei punturekin.

Gaurko emaitzaren faltan, sailkapenean Irribarria eta Rezusta dira lehenak (11 puntu), Elezkano-Zabaleta bigarrenak, Ezkurdia-Merino II.a hirugarrenak, Olaizola-Untoria laugarrenak, Bengoetxea-Larunbe bosgarrenak, Artola-Albisu seigarrenak eta Urrutikoetxea-Imaz seigarrenak, guztiak 6 punturekin. Azkenik, Altuna III.a-Barriola zortzigarrenak dira, 4 punturekin.

Azken jardunaldia
Irribarria eta Rezustarekin finalerdietara nor pasako diren, hortaz, asteburuan jokatuko den azken jardunaldian erabakiko da. Ezkurdiak eta Merinok Altuna III.a eta Barriola izango dituzte aurkari igandean Logroñon. Eta astelehenean, aldiz, Bengoetxea VI.aren eta Larunberen kontra ariko dira Elezkano II.a eta Zabaleta. Bi partidetarako pilota aukeraketa ostegunean egingo dute. Zalantzarik gabe, azken egunera arte emozioa ez da faltako. Ea finalerdietarako sailkatzea lortzen duten.

Binakakoa. 14. jardunaldia
Irribarria-Rezusta / Urrutikoetxea-Imaz (ostiralean, 22:00etan, Bergaran. ETB1)
Olaizola II.a-Untoria / Artola-Albisu (larunbatean, 17:00etan, Labriten. ETB1)
Ezkurdia-Merino II.a / Altuna III.a-Barriola (igandean, 17:00etan, Logroñon. ETB1)
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Elezkano II.a-Zabaleta (astelehenean, 16:30ean, Tolosan)