Etxeberria bigarrena eta Riaño laugarrena Villatuertan

Guaixe 2017ko ots. 28a, 12:09
Argazkia: Martin Early.

Junior mailako denboraldiari hasiera bikaina eman diote gure txirrindulariek

2017ko juniorren mailako denboraldia asteburuan hasi zen, Villatuertan jokatutako 39. San Veremundo Zirkuituan (77 km).  Proba lehiatuan, Elproex-Iturribero taldeko Oier Lazkano izan zen azkarrena (1:54:57), helmugara bakarrik iritsi eta gero. 49 segundora Aralar klubeko Intersport-Irabia taldeko Josu Etxeberria iturmendiarra sartu zen, eta 57 segundora, 4. postuan, Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Juan Riaño txirrindularia. Josu Etxeberria lehen urteko juniorren sailkapenean lehena izan zen.

Sakanako gainontzeko taldeetako txirrindulariei dagokienez, Iñigo Fernandez  (Q.A.) 17.a sailkatu zen, Mateo Gonzalez (Q.A.) 18.a, Beñat Etxezarreta (I.I.) 24.a, Hodei Zia (Q.A.) 36.a, Imanol Galarza (I.I.) 46.a eta Iker Cerviño (I.I.) 51.a. Taldeka, Quesos Albeniz hirugarrena sailkatu zen eta Intersport Irabia zortzigarrena.

Afizionatuak
Juniorrekin batera, asteburuan mustu zen afizionatuen 2017ko denboraldia. Euskaldun Torneorako baliagarria den IX. Zumaiako Saria jokatu zen. Aldro Team taldeko Julen Amarika izan zen esprintean gailendu zena (2:39:47), Lizarteko Dzmitry Zhyhunouren eta Euskadi Fundazioko Mikel Alonsoren aurretik. Sakandarrei dagokienez, Asier Ormazabal (Lizarte) 76.a sailkatu zen, Alex Unzilla (Quick Step Telcom Gimex) 125.a, Eneko Aramendia (Rural Kutxa-Seguros RGA) 145.a eta Odei Juango (Rural Kutxa-Seguros RGA) 150.a.

Datorrena
Larunbatean, 10:30ean, afizionatuek Lehendakari Txapelketarako baliagarria den Ereñoko lasterketa dute jokoan (105 km) eta igandean, Asteasun, Espainiako Koparako baliagarria den 14. Aiztondo Klasikoa jokatuko da, 10:00etan (136 km). Bestalde, igandean Unzuen I. Unzue BTT proba jokatuko da.