Nafarroako Kirol Jokoak: 15 talde sakandar lehian

Guaixe 2017ko mar. 3a, 15:13

Igandean jokatuko da XXX. Kirol Jokoen lehen jardunaldia, Ororbian, 11:00etatik aurrera

Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuarekin batera antolatutako Nafarroako Kirol Jokoak igandean hasiko dira, Ororbian. Aurten 30. edizioa da jokoan dagoena eta parte-hartzea handia izango da, Sakanako Andra Mari ikastolako eta Iñigo Aritza ikastolako taldeena, bereziki.

Hiru kategorietan jokatuko da txapelketa: kimuen maila (11-12 urte), haur maila (13-14 urte) eta kadete maila (15-16 urte). Taldeak mistoak dira.
Kimuen mailako proba konbinatuan 19 talde arituko dira: Basaburua, Berriozar A, Berriozar B, Artzanegi, Antsoain, Ezkaba, BRT Menditarrak, Igantzi A, Igantzi B eta Iñigo Aritza eta Andra Mari Sakanako ikastolako taldeak, 10 guztira: Iñigo Aritza 1, 2 eta 3 eta Andra Mari 1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 taldeak.

Haurren mailan, proba konbinatuan 12 talde lehiatuko dira: Basaburua, Berriozar A, Berriozar B, Berriozar C, Antsoain, BRT Menditar, Araxes, Artzanegi, Iñigo Aritza eta Andra Mari 1, 2 eta 3. Haurren mailako sokatiran (480 kilo), aldiz, aipatu talde guztiak lehiatuko dira BRT Menditar eta Artzanegi izan ezik.

Bukatzeko, kadeteetan, bai proba konbinatuan eta bai sokatiran (540 kilo), hiru talde izanen ditugu lehian: Basaburua, Araberri eta Andra Mari 1.

Beraz, guztira Sakanako 15 taldek hartuko dute parte Nafarroako Kirol Jokoetan: 10 kimuen mailan, 4 haurren mailan eta bakarra kadeteen mailan. Proba konbinatuetan koxkol biltzea, zakulariak, korrikalariak eta trontza probak osatu beharko dituzte, kimuen mailan izan ezik, kimuak ez baitira trontzan ariko.

3. jardunaldia Altsasun eta finala Etxarrin
30. Nafarroako Kirol Jokoetako lehen jardunaldia igandean jokatuko da, 11:00etan, Ororbian. Bigarren jardunaldia Beteluk hartuko du, martxoaren 12an, hirugarrena Altsasuk, martxoaren 19an, laugarrena Berriozarrek, martxoaren 26an eta bosgarren jardunaldia edo final handia Etxarri Aranatzen jokatuko da, apirilaren 2an.