Binakakoa: Ezkurdia kanpoan eta Zabaleta barruan

Guaixe 2017ko mar. 6a, 13:02
Ezkurdiak eta Merinok agur esan diote Binakakoari.

Ezkurdiak eta Merinok Altunaren eta Barriolaren kontra galdu egin zuten (15 eta 22) eta ez dira Binakako finalerdietarako sailkatu. Elezkano II.-Zabaletak eta Bengoetxea VI.a-Larunbek gaur jokatuko dute baina badakite, dagoeneko finalerdietarako ligaxkarako sailkatu direla, Irribarria-Rezusta eta Olaizola II.a-Untoria bikoteekin batera

Pilota zaleek asteburu bete-betea izan dute, izan ere, asteburu honetan erabaki da nor sailkatu diren Binakako finalerdietarako ligaxkarako. Emozioz betetako asteburua izan da. Ostiralean, Irribarriak eta Rezustak 22 eta 7 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Imazi. Horrela, dagoeneko finalerdietarako sailkatuta zeuden bikoak finalerdietatik kanpo utzi zuen Asegarceko bikotea. Eta larunbatean, partida oso lehiatuan, finalerdietarko sailkatzea lortu zuten Olaizola II.ak eta Untoriak, Artolari eta Albisuri 22 eta 16 irabazita.

Igandean jokatu zuten Ezkurdia eta Merino II.ak Altuna III.aren eta Barriolaren kontra. Azken hauek ez zuten ezer jokoan; asko, ordea, arbizuarrak eta errioxarrak: irabaziz gero, finalerdietarako ligaxkan leudeke. Beraiek ziren faboritoak eta dirua ere haien alde atera zen, nabarmen (100-40 momio). Gainera, partidari gogotsu ekin zioten eta 6 eta 2 aurreratu ziren Ezkurdia eta Merino. Baina Barriolak bere ibilbidea itxura ona emanez bukatu nahi izan zuen eta bera eta atzeko koadroetan ikusgarri jokatzen hasi zen Altunak buelta eman zioten markagailuari. Atzeko koadroetan Altuna hasi zen nagusitzen eta Barriolak behetik gora egin zuen. Zazpira berdindu zuten eta hortik aurrera aldea ateratzen hasi ziren Barriola eta Altuna. Aldiz, horrenbeste jokoan zuenean blokeatu egin zen Joseba Ezkurdia. Horrela, azkenean, 15 eta 22 galdu zuen Ezkurdiak eta Merinok, sekulako kolpea hartuz eta Binakako txapelketatik kanpo geratuz.

Elezkano eta Zabaleta sailkatuta
Ezkurdia eta Merino Binakako txapelketatik kanpo geratu eta gero, Bengoetxea VI.a-Larunbe eta Elezkano II.a-Zabaleta sailkatu dira finalerdietarako, Irribarria-Rezusta eta Olaizola II.a-Untoriarekin batera. Gaur jokatuko dute elkarren kontra, Tolosan, Elezkano II.a ordezkatuko duen Jakak eta Jose Javier Zabaletak eta Bengoetxea VI.a-Larunbek. Elezkanok eskuetako mina du. Ez dute ezer jokoan baina hastear dauden finalerdietara animoz ongi iristeko irabaztea garrantzitsua izango da.