Berdinketa Sakanako derbian

Guaixe 2017ko mar. 6a, 15:46
Etxarrik puntu garrantzitsua eraman zuen Lakuntzako Zelai Berritik eta sailkapenean bosgarrena dago, seigarrena den Lagun Artearekin puntutara berdinduta.

Preferente maila. 21. jardunaldia: Lagun Artea 2 – Etxarri Aranatz 2

Lakuntzako Zelai Berrin jokatutako preferente mailako derbian partida entretenigarria eskaini zuten Lagun Arteak eta Etxarrik. Lakuntzarrak aurreratu ziren, Ollok penaltiz sartutako golari esker. Lehen zati horretan akaso gehiago dominatu zuten lakuntzarrek, baina etxarriarrek ez zuten etsi. 41. minutuan Enekok Lagunen bigarrena sartu zuen eta abantaila horrekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, zorigaiztoko jokaldi batean Laguneko Andoni atezainak ate propioan sartu zuen gola, baloiak langa jo eta bere gorputzarekin errebotatu ondoren ate barrura sartu baitzen. Horrela, etxarriarrak hurbildu egin ziren markagailuan. Eta, 75. minutuan Goikoetxeak Etxarriren bigarren gola, berdinketarena sartu zuen, penalti bati esker, hainbatendako, Lakuntzako zaleendako bereziki, zehozer zalantzagarria izan zena.  

Beraz, puntu banaketarekin despeditu zen Lakuntzan jokatutako derbia. Preferente mailako liderra Bidezarra da (49 puntu). Etxarri Aranatz bosgarrena da eta Lagun Artea seigarrena, biak 32 punturekin. Asteburuan Etxarri Aranatzek sailkapenean 12.a den Lezkairu taldea hartuko du San Donato zelaian eta Lagun Arteak 15. postuan, jaitsiera postuetan dagoen San Andresen kontra jokatuko du Zelai Berrin.