Altsasu eta Arbizuko duatloietan izena ematea zabalik dago

Guaixe 2017ko mar. 9a, 10:28

Altsasukoa martxoaren 18an jokatuko da eta Arbizukoa martxoaren 25ean

2017ko duatloi egutegia hasi da eta berehala jokatuko dira Sakanako duatloi probak. Altsasuko Duatloia martxoaren 18an jokatuko da eta Arbizuko duatloia, aldiz, martxoaren 25ean. Bi probetan izena emateko epea zabalik dago www.navarratriatlon.com web gunean. Goizean kategoria txikiko probak jokatuko dira, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak direnak, eta, arratsaldean, aldiz, proba nagusiak.

Benjumea eta Maiza Basaurin
Asteburuan Basauriko XXI. Duatloia jokatu zen (6,2 km korrikan, 18,9 km bizikletan eta 2,9 km korrikan). Ia 200 triatletek osatu zuten proba eta Hossain Kaanache (:06:59) eta Ibone Sanchez (1:17:07) izan ziren azkarrenak. Saltoki Trikideak taldeko Felix Benjumea 25.a sailkatu zen (1:12:34) eta Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza 36.a (1:14:29).

Sakana Triatloi Taldearen aurkezpena larunbatean
Larunbatean 2017ko Sakanako Triatloi Taldeak denboraldi berrirako aurkezpena egingo du. Eguraldiak laguntzen badu aurkezpena Dantzalekun egingo da, goizeko 11:00etan, eta eguraldia kaxkarra bada, Zelandi kiroldegiak hartuko du aurkezpena.