Gurasoendako prestakuntza tailerrak hastear

Guaixe 2017ko mar. 9a, 18:00
Haurrak eta gurasoak Uharten.

Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak gurasoei zuzendutako bi tailerren berri eman digu. Aurrena sexu-heziketa familian, bihar hasiko da eta hilaren 17an eta 21ean (ostirala eta asteartea) izanen du segida. Atakondoa eskola publikoak hartuko du tailerra, 15:30etik 17:00etara. Hiru saioak Jesu Baena Moya sexologo eta erizainak emanen ditu, Etxarri Aranazko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arreta Zentroko langilea denak. Tailerra Atakondoako guraso elkarteak antolatu du eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurren gurasoei zuzenduta dago.

Mankomunitatearen eskualdeko gurasoei zuzendutako beste tailerra Uharte Arakilen izanen da heldu diren hiru astearteetan (14, 21 eta 28). Erasoa ekiditeko eta behin gertatzen denean zer egin dezakegun jakiteko aholkuak izenburua du tailerrak. Eskola jazarpenaren aurreko prebentzio eta esku-hartze programako teknikari Belen Perez de Pradok zuzenduko du tailerra. Uharte Arakilgo udaletxean izanen da, 18:00etatik 19:30era.