Erregulartasun faltak kondenatu zituen Elezkano eta Zabaleta

Guaixe 2017ko mar. 13a, 09:41

Irribarria eta Rezustaren kontra galdu eta gero (22 eta 15), larunbatean, Labriten, Olaizola II.aren eta Untoriaren kontra irabaztera behartuda daude Elezkano II.a eta Zabaleta

Binakako finalerdietako lehendabiziko jardunaldia ez da ona izan Danel Elezkanorendako eta Jose Javier Zabaletarendako. Jakina zen Iker Irribarria eta Beñat Rezusta faboritoak zirela. Iker Iribarriak Zabaleta eraso zuen, behin eta berriz, eta Rezusta bikain egon zen atzeko koadroetan. Zabaletak, bere aldetik,  gorabeherak izan zituen: tanto ikusgarriak huts nabarmenekin tartekatu zituen. Eta Elezkano Zabaletak partida kontrolatu zuen tarteetan izan zen erabakigarria. Horrela, azkenean, eta nahiz eta Irribarriak partidaren zenbait unetan txisparik gabe aritu zela onartu, gipuzkoarrek lortu zuten finalerdietan jokoan zegoen tantoa, 22 eta 15 irabazita.

Hasieran 0 eta 3 aurreratu ziren Elezkano II.a eta Zabaleta. Baina, hutsak tarteko, berdintzea eta 9 eta 4 eta 10 eta 5 aurreratzea lortu zuen ikusgarri aritu ziren Irribarriak eta Rezustak. Bikote honek ideiak oso argi ditu eta bikain doakie. Aldiz, joera gorabeheratsuarekin jarraitzen dute Elezkanok eta Zabaletak. Partida batzutan bikain eta beste batzutan, aldiz, akatsak tarteko, behera egiten dute. 408 pilotakada izan zituen partidan, Zabaletak erregulartasun gehiago izatea faltan bota izan zen. Etxarrengoak jokoan sei akats egin zituen eta 5 tanto egin zizkioten sakez, horietatik 4 erantzuteko modukoak. Dena den, aipatu beharra dago Zabaletak behera egin zuenean Zaratamokoak egoerari eutsi egin ziola, Etxarrengoari errekuperatzeko astia emanez. Eta hala izan zen, , 17 eta 14 eta 18 eta 15 gerturatu baitziren, baina 19 eta 15ean pilota bat gora bidali zuen Zabaletak eta hortik aurrera zuzenean garaipenera jo zuten Irribarriak eta Zabaletak.

Beste finalerdietako partidan, Olaizola II.ari eta Untoriari 18 eta 22 irabazi zieten Bengoetxea VI.ak eta Larunbek. Hortaz, sailkapenean, Irribarriak eta Rezustak eta Bengoetxeak eta Larunbek puntu bana duet eta Olaizola II.a-Untoriak eta Elezkano II.a-Zabaletak, aldiz, ez dute punturik.

Aimar eta Untoria aurkari
Finalerdietako ligaxkako 2. jardunaldian Elezkano II.ak eta Zabaletak Olaizola II.a eta Untoria izango dituzte aurkari larunbatean Labriten (ETB1). Punturik gabe, irabaztera behartuta daude bi bikoak, finalera iristeko aukeraren bat izateko. Hortaz, final aurreratu bat izango da. Zalantzarik gabe, partida konplikatua izango da baina ea Zabaletak eta Elezkanok ibilbide gorabeheratsu horretan egun ona duten eta puntu garrantzitsu hori lortzeko gai diren.

Binakakoa. Finalerdietako 2. jardunaldia
Olaizola II.a-Untoria / Elezkano II.a-Zabaleta (larunbatean, 16:45ean, Labriten. ETB1)
Irribarria-Rezusta / Bengoetxea VI.a-Larunbe (igandean, 17:00etan, Atano III.ean. ETB1)