Makina bat aldiz eskatu dute Arakilgo Udalak eta Satrustegiko Kontzejuak herriko kaleak eta sareak berritzeko diru-laguntza. Milioi erdi euroko inbertsioa eskatzen dute lanek. Baina Nafarroako Gobernuak ez du halakorik eta luzamendutan ari da. Ikusita euria egiten duenetan kaleak erreka bihurtzen direla, Arakilgo Udalak ahal duen neurrian konponketa batzuk egitea erabaki du.
Udaleko langileak Satrustegin ari dira lanean. Kaleak garbitu, estoldak txukundu eta kaskailuzkoak ziren kaleetan porlana zabaltzea da haien egitekoa. Ruben Goñi alkateak esan digunez, 7.000 euro bideratu dituzte lan horiek egiteko.