Udalak gela berri bat eginen du eskolan

Guaixe 2015ko mai. 22a, 10:51

Uharte Arakilgo Udalak 963.793 euroko aurrekontua onartu du aurtengorako. Kopuru horren %32 ondasun eta zerbitzuen gastuetara bideratuko du Udalak; %26 langileria gastuetara eta, beste horrenbeste, inbertsioetara. Hau da, 255.610 euro izanen ditu udalak hainbat lan egiteko. Bestalde, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntzaren bitartez, hiru hilabeteko kontratazioak eginen dira igerilekuak martxan jartzeko. Lau gazte kontratatuko dira: 2 sorosle lanak egiteko, eta beste 2 sarrerak kobratzeko eta garbiketak lanak egiteko.

Hobekuntzak eskolan eta Zerradoan
San Migel eskolan gero eta haur gehiago matrikulatzen dituztela ikusirik, Uharte Arakilgo Udalak ikastetxe publikoan gela berri bat sortzea erabaki du. Ikasturte berrirako 12 haur matrikulatu dituzte eskolako Haur Hezkuntzan eta eskari horri erantzuteko leku falta dago San Migel ikastetxe publikoan. Hori dela eta, patio zati bat hartuko da bi eraikinen artean lotura berri bat egiteko. Horrela, orain arte pasabidea izan dena Haur Hezkuntzako gela izanen da. Egokitzapen lan horietarako 40.000 euroko baliatuko ditu udalak. Hezkuntza Departamentuan diru-laguntza eskaera egina du. Udalaren asmoa da lanak udaberri bukaeran esleitzea eta uztaila-abuztuan obra egitea, ikasturte berrirako lanak despedituak egon daitezen.

Zerradoa auzoan, bestalde, ez dago espaloirik eta autoak oso azkar pasatzen dira. Uharte Arakilgo Udalak hori kontuan izanik, autoen abiadura mantsotzeko eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, bost pasa-bide goratu jarriko ditu. Sustapen Departamentuaren baietza jaso du udalak eta, iragarri duenez, aurki jarriko ditu. Haietako hiru egungoak dauden tokian berean jarriko dira. Beste biak, berriz, bata tren geltokiaren parean, eta bestea, Zerradoa akaberan. Zeregin horretarako 5.000 euro aurreikusi ditu udalak.

Autokarabanen zerbitzu gunea eta auzoko lanak
Itxesian autokarabanendako 15 tokiak prest daude jada eta gune guztia hesituta dago. Bisitariendako bi mahai eta zenbait aulki ere jarri dira. Gunea mugatzen duten sarreran eta irteeran zurezko bi ate jarri dira, eta hainbat landare inguruan. Eta, herrian barna autokarabana gunea adierazten duten hainbat seinale ere jarri dira. Bisitariek Itxesin bertan turismo guneko informazio panel bat dute.

Guneak bi baliabide eskaintzen dizkie autokarabanetakoei: elektrizitatea hartzeko hartunea eta lotara gelditzeagatik ordaindu beharreko tarifa ordaintzeko beste bat. Elektrizitateko hartunea fitxa batzuen bitartez funtzionatzen du. Fitxa horiek herriko denda eta tabernetan eskuratu beharko dituzte erabiltzaileek. Udal langileek zainduko dute bertan gelditzen diren autokarabanek tasa ordaintzen dutela. Visa txartelarekin ordainduko beharko dute gau bat edo bi gaurengatik ordaindu beharreko tarifa.  

Turisten ibilgailuek Itxesi auzoa zeharkatu behar dute. Hegoaldeko zatian sareak eta zoladura berritzeko lanak berriki despeditu dira. Tartean, obran aurreikusirik ez zegoen hobekuntza bat egin da, izan ere, futbol zelaiko lubakia oso egoera txarrean zegoen eta berria eraiki da.

Komunaleko lanak
Ata ibarrean larreak garbitu (54,37 hektareatik 14,27), basoko bidea konpondu eta erabiltzen ez den 1.110 metro itxitura kenduko ditu udalak 10.950 euroko aurrekontua duen partidarekin. Lanak egiteko diru-laguntza eskaera egin dio Ingurumen Departamentuari; hala ere, diru-laguntza jaso ala ez, lanok eginen dira, udalak ezinbestekoak jo dituelako.  Haiek baitira herriko larrerik onenak.

Bestalde, hegoaldeko dermioko biderik erabiliena den Auzasobururako bidea konponduko da, kontuan izanik, gainera, hurrengo hiruzpalau urteetan etxeetarako emanen diren egur loteak handik atera beharko direla.

Artxiboa, gora
Udal artxiboaren digitalizazioari eta eguneratzeari esker, dokumentuak digitalki eskura daude eta ez da beharrezkoa dokumentuak fisikoki bulegoan bertan egotea. Hori dela eta, udalak udaletxeko espazioa berrantolatzea erabaki du: ganbaran udal artxiboa jartzeko gela bat egokiko da. Ganboikoan beharrezko lanak egin ondoren, lau lerrotako artxibo-armairua jarriko da. Lan horietara 10.000 euro bideratu ditu udalak.


www.uhartearakil.com
Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak herritarrei gerturatzeko asmoz sortu da web orri berria. Interneteko atariari esker udal informazioa eta zerbitzuak herritarren eskura eguneko 24 orduetan jarri nahi izan dira. Web orrian daude bandoak, ordenantzak, herriko zerbitzuen zerrenda gaika sailkatuta, herriko historia, argazkiak eta beste asko jarri dituzte ikusgai. Zerbitzuen atalean, berriz, hainbat motatako ziurtagiriren on-line eskaera egin daiteke (katastroa, errolda eta bestelako ziurtagiriak). Atal horren bitartez beste tramite batzuk ere egin daitezke, baita, udal ikastaroetan izena eman ere.  

Eskualdeko enpresa batekin sortu du Udalak bere web orri berria. Udal web orritik lotura zuzena egin dute bertatik Artzai Egunaren eta, Km Bertikal lasterketaren orrietara eta eskolaren blogera ere.