Uhartearrak Iberoko hobian

Iberoko hobian zegoen Victor Martirena Alegria

Guaixe 2016ko eka. 10a, 08:43

1936ko estatu kolpearen ondoren erail zuten.

Zurbau elkarteak eta Oltzako Zendeako Udalak antolatutako ekitaldiak makina bat jende erakarri zuen, uhartearrak barne. Izan ere, Iberoko Zurbau dermioan hiru uhartear hil zituzten. Aranzadi zientzia elkarteko kideek indusketa egin zuten hobian abenduan. Zazpi gorpu atzeman zituzten eta haietako bat Victor Martirena Alegria uhartearrarena dela jakinarazi zuen atzo Oltzako Zendeako alkate Moises Garjon Villanuevak. Silverio Astiz Ezkurdia eta Silverio Astiz Lakuntza aita-seme uhartearren gorpuak identifikatzea faltako litzateke beraz.

Igandeko ekitaldiarekin “memoria historikoa, egia eta justizia berreskuratzeko” aldarrikapena egin zen. Halako aitortza lehenago ez egitea salatu zen eta Garjonek azaldu zuenez, “hobi guztiak induskatu arte ardura historikoa presente egonen da”.  Musikariak eta dantzariak izan ziren ekitaldian eta Larragako herriak emandako haitz batean Manolo Garcia Nieblak oroigarria egin zuen eta atzo mustu zuten. Oroigarrian zera irakur daiteke: Gogoa jaso eta oroitu hemen zer gertatu zen. Gogoratu eta besteei kontatu. Faszismoak eraildakoen omenez. Iberoko hobia. Oltzako Zendea.