Atara daraman pistako lanak bukatu dira, eta bidea mugatuko du Udalak

Guaixe 2016ko aza. 28a, 09:33
Atarako bidean langileak porlana zabaltzeko lanak egiten. Argazkia: Lur Geroa.

Herriko abeltzainek eta udaletxean eskaera egiten duten uhartearrek izango dute langa zabaltzeko giltza.

Uharte Arakildik Aralarrera doan pista hartu, 5 km inguru ibili eta pistatik eskuinaldera ateratzen den pista batetik joaten da Atara. Bada, pista horretara sartzeko hasierako tarte horretan lanak egin dira. Zehazki, pista sarrerako hasierako zati horretan porlana jarri dute eta pista konpaktatu egin dute. Lanak lastailaren bukaeran despeditu zituzten eta Nafarroako Gobernuko Baso Lanetarako Laguntzen Departamentuko diru-laguntzen bitartez egin dira.

Uharte Arakilgo alkate Ainara Aiestaranek azaldu duenez, Atara doan pistako beheko langa itxi egingo da. “Herriko abeltzainek izango dute langa horretako giltza, eta Uharteko herritarrek eskatu ahalko dute udaletxean. Ibilgailuendako pasa mugatu honekin pistaren mantenua ziurtatu nahi dugu” nabarmendu du alkateak. Joan den hilabetean ere, Ibaiko kalean dagoen iturria eta aska konpondu zituen udalak.