Gozozaleak asetzeko modukoa

Guaixe 2016ko abe. 21a, 19:30

Beste behin ere tarta lehiaketa antolatu zuen Donibane jubilatu elkarteak, 12. edizioa aurten. Ostegun arratsaldeko hitzordura 13 tarta aurkeztu ziren, guztiak ere begiekin jateko modukoak. Baina aurkezpenaz aparte, zaporea eta bestelakoak kontuan izan zituzten epaileek. Haietako hiruk urteak daramatzate lehiaketako epaile lanetan: Javier Barbarinek (Iruñeko gozogileen elkarteko presidentea), Eduardo Lopezek (itxitako Altsasuko gozogintza eskolako irakasle ohia) eta Esther Lancharesek (aipatu eskolako idazkari izandakoa). Hirukoteari jubilatu elkarteko tabernako bezero bat batu zitzaien eta lauren artean puntuatu zituzten gozogintzako gutiziak.

Epaileek Maribi Lizarragari eman zioten lehen saria eta etxera mahai-tresneria sorta eraman zuen. Bigarren izan zen Luzia Lacallek baxera eraman zuen etxera eta hirugarren gelditu zen Domi Berasategirendako maleta bat izan zen. Sari guztiak lehiaketako babesle Rural Kutxak eman zituen. Sari banaketaren ondoren tarta guztiak zatitu eta elkarteko kideek dastatzeko aukera izan zuten.

230 bazkide
Uhartez aparte Hiriberri, Irañeta eta Arruazuko bazkideak diru Donibane jubilatu elkarteak. Urtean barna hainbat bidaia antolatzen ditu. Baita hainbat jarduera ere: astero ibilaldia, memoria tailerrak eta beste.