2016ko inauteriak Sakanan

Igandean eta asteartean, badatoz Mamuxarroak!

Guaixe 2016ko ots. 5a, 13:03

Nork ez ditu Unanuko mamuxarroak ezagutzen? Kamixeta eta galtzontzilo luze zuriak, gerriko beltza edo gorria, paxpalinak eta zatak soinean dituztela eta aurpegia metalezko katolaz estalita, kalera aterako dira igandean eta asteartean, Unanun bildutako guztiak izutzera. Makila arin-arin mugitzen dute eta inor gutxi libratzen da hanketan makilakada majoa hartzeaz.

Igandean mamuxarro txikiak izanen dira protagonista, eta astearte-ihotean mamoxarro handiak. Bi egunetan arratsaldeko 16:30 edo 17:00ak aldera aterako dira mamoxarroak, eta 18:00ak arte Unanuko karriketan gora eta behera ibiliko dira, jendea berotzen. Ondoren auzatea eginen da eliza atean, musikak lagunduta. Ohi bezala, astearte ihotean herriko emakumeek prestatutako piperropil goxoak ez dira faltako. Gauean, herritarrek afaria eginen dute eskean ateratakoarekin.