Kontzejua inbertsioetarako diru-laguntzen zain

Guaixe 2017ko urt. 27a, 10:54

Unanuko Kontzejuak aurten 76.220 euroko aurrekontua izanen du. Kontzeju buru Joseba Imaz Berastegik esan digunez, led bidezko argiteria publikoa jartzeko eta maistruben etxeko lanak despeditzeko diru-laguntzak eskatuko dituzte. Nafarroako Gobernuak Toki Azpiegitura Plana onartzekoa da eta haietara eskaerak aurkeztu ditu Unanuko Kontzejuak. Baita 10.000 euroko diru-saila gorde ere.

Argiteria publikoaren kasuan, aurrena ikerketa egin beharko litzateke eta gero aurrekontuaren arabera, edo kolpean edo zatika, argiztapen sistema berria jarri. Neurri horrekin eta kontratuen berrazterketarekin argindar kontsumoa jaitsi eta haren faktura txikitu nahi du kontzejuak. Bestetik, maistruban etxea zena konpontzeko auzolan ugari egin dituzte eta enpresa batek kanpoko partea konpondu du. 60.000 euro inguruko inbertsioa izan da kontzejuarendako, “gastu handia”, Imazek aitortu duenez. Zaharberritzeagatik 11.000 euroko laguntza jaso du, baina aurrekontu handiari buelta emateko gobernuaren laguntza nahi luke kontzejuak.

Bestetik, kontzejutik Ingurumen Departamentuarekin harremanetan jarri dira: “herrian etxeren bat botako balitz hango harriak eta teilak bideen konponketan erabiltzeko eskatu dugu eta erantzunaren zain gaude”, esan digu Imazek.