Batzarrean zehaztu dira egin beharreko lanak

Guaixe 2015ko mar. 12a, 12:52

Asteburuan egindako batzarrean urritzolarrek aurten herrian zein lan egin erabaki dute. Javier Correa Yalar kontzeju buruak esan digunez joan den urtean Arakilgo Udalarekin batera Etxarrenerako bidea konpondu ondoren kontzejua dirurik gabe gelditu da.

Hala ere, Correak esan digu herrian konponketa batzuk egiteko daudela. Horiek Arakilgo Udalak kontratatutako langileekin egin nahi dituzte. Egiteko horien artean aska garbiketa eta zartatuta dagoen kaleko zoru zatiaren konponketa daude. Joan den urtean kontzeju etxean sukaldea jarri zuten, elkarte modura erabiltzeko. Eraikinean itajurak daude eta haiek konpontzeko ere eskatuko dute. Urritzolarrek hilerrian ere lanen bat egin nahiko lukete baina Arakilgo Udalarekin hitz egin beharko dute lehenik.