Araztegia, aurten

Guaixe 2017ko urt. 19a, 19:47
Ibiltariak araztegia jarriko den toki ingurutik pasatzen.

Ziordiko ur beltzen araztegia egiteko ondasunen eta eskubideen premiazko okupazioa onartu du Nafarroako Gobernuak. Hilaren 13an egindako bileran onartu zuen. Gaur egun Ziordiko ur beltzak Mirari ale ondoan dagoen hobi septikoan biltzen dira. Herritik gertu, usainak sortzen dira eta batzuetan ur beltzak ibaian bukatzen dute. Gainera, aldian behin, Nilsak hobi septikoa garbitzeko kamioia bidaltzen du.

Horrekin guztiarekin bukatuko du araztegi berriak. Nilsa enpresa publikoak eraikiko du, 738.619 euroko (BEZ kanpo) aurrekontuarekin. Texeria bidean, Olatzagutiarako bidean, Ziorditik 520 bat metrora eginen da. Herri lurretan eraikiko da eta hobi septikotik hara hodia luzatuko du. Araztegiak urak garbitu ondoren ibaian bukatuko dute. Olatzagutia eta Ziordia artean zerbitzu errepide bat egiteko dago, A-1 autobia egin zenean ez zena egin. Hodi horren trazatua bide horrenarekin bateragarria izanen da.