Kintoak 2017

Hemen dira kintoak!

Guaixe 2017ko ots. 10a, 14:03

Bazkaltzera elkartuko dira gaur Maite Cristobal Gil, Leire Bergera Aramendia eta Amaiur Bengoetxea Ijurra kinto ziordiarrak. Urbasa tabernakoek prestatutakoa haiekin batera Errekakartea elkartean janen dute Ainara Fernandez eta Gorka Mujika kinto zaharrek eta Ailetz Lasa, Oier Otxoa eta Markel Mendoza kinto gazteek. Zortzikote hori izanen da Ziordiko kinto ospakizunen protagonista. Gaur, iluntzean, Altsasuko kintoak dantzan ikustera etorriko dira. Herriko elkartean afaldu ondoren, Altsasun despedituko dute gaua.

Larunbat eguerdirako kalean izanen da kinto-segizioa, herrian barna eskean ibiliko baitira. Euren jarduna nabarmentzeko, batetik, etxajuak lehertuko dituzte. Eta, bestetik, trikitixa joko dute, musikariak baitira aurtengo hiru kintoak. Beraz, gainontzekoen ardura izanen da ziordiarrei dirua eskatu eta trukean ardoa edo tabakoa eskaintzea. Lanak eginda, elkartean gurasoek prestatutako bazkaria janen dute. Iluntzean Altsasurako bidea hartuko dute, kintoak dantzan ikusi, afaldu eta ordu txikiak arte izanen dira parrandan. Kinto ospakizunak despeditzeko Urbasa tabernan bazkaltzera elkartuko dira eta herrian egindako parrandarekin agur esanen diote festari.