Maistraren etxea alokatzeko egokituko da

Guaixe 2014ko mai. 8a, 17:00
Eraikinaren barruko aldea konpondu ondoren lur sail eta guzti alokatu eginen du etxea kontzejuak.
Udan lanak egin eta udazkenerako alokatu nahi du kontzejuak

Aurtengo aurrekontua maistraren etxea zena konpontzera bideratua du Zuhatzuko kontzejuak. 11.410,79 euro dira aurten kontzejuak erabiliko duen aurrekontua. Bere buru Zuriñe Ormaetxeak esan digunez, “eraikinaren barruko aldea konponduko dugu, berogailua, leihoak eta beste berrituz”. Ormaetxeak azaldu digunez, etxebizitzak bi solairu ditu eta bakoitzeko 180 metro karratu. Lursaila ere badu.

Lanak garagarrila hasieran hastea espero du Ormaetxeak eta bizpahiru hilabeteren bueltan despedituta egotea. Lanek 43.649,39 euroko aurrekontua izanen dute (BEZ kanpo). Arakilgo Udalak emandako diru-laguntzarekin eta kontzejuak diruzaintzan duen diruarekin erdi bana ordainduko dute lana. “Gure asmoa etxea alokatzea da, kontzejuak diru-sarrera bat izan dezan” esan digu Ormaetxeak. Udazkenerako alokatua izatea espero dute.