Hauteskunde legeari intsumisioa

Guaixe 2014ko mai. 27a, 12:31
Etxarri Aranazko udaletxean asteburuan agertutako kartela
Emakume altsasuar batek hauteskude sistemarekin desadostasuna azaltzeko intsumisoa egin eta igandean ez zen mahaira azaldu.

Altsasuko hauteskunde mahai batean bigarren bokal izatea tokatu zitzaion emakumeari. Iruñeko Hauteskunde Batzordeari mahaian ez parte hartzeko kontzientzia arrazoiak argudiatuz idatzia bidali zien altsasuarrak, baina ez zioten onartu. Hauteskude legea bidegabea dela iritzita ez parte hartzea erabaki zuen.

Hitzondo.net web orrira bidalitako gutunean emakumeak bere jarreraren zergatia azaldu du. Bizi duguna “banku eta multinazional handien eskutik doan sistema politiko ustela da, inolako zigorrik jaso gabe, bere interes propioen alde eginez pertsonak, kulturak, nortasunak, baloreak suntsitzen ditu; natura eta baliabideak atsedenik gabe irensten dituena”. Gutunean jasotzen duenez, “sistema patriarkala beldurrean oinarritzen da, mehatxu zuzena populazioaren kontra erabiliz”. Aipatzen duenez gero eta nabariagoa da gizartean sistemarekin bat ez etortzea. Sistemak etengabe xantaiaren menpe bizitzera behartzen gaituela eta horrek gabezia eta zurikeri bizitza ekartzen dituztela nabarmendu du. Bestelako sistema partehartzaileago bat aldarrikatu du.

Bera jarrera bera hartu dute hainbat pertsonek Euskal Herrian ere. Erabakiak hiru hilabete eta urte bat arteko espetxe zigorra edo isuna ekarri diezaieke. Bestalde, hauteskunde legearen kontra eta intsumisioaren aldeko kartelak agertu ziren asteburuan Sakanako hainbat herritan.