Musikarte: musika eta artetik sormenera

Guaixe 2016ko mar. 21a, 08:30

Gaurtik apirilaren 4ra arte, astegunetan 18:30etik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara Altsasuko Iortia kultur gunea.

Agustin Gonzalez Aziluren Arrano beltza arte sormenerako oinarri gisa. 1976ko musika pieza atonal abangoardista hori Artzeren poema batean oinarriturik dago eta Nafarroako erresumaren galeraren inguruan ari da. Langai horrekin Iñigo Aritza ikastolako eta Txiokako haur ikastolako ikasleek euren sormena erabiliz artelanak sortu dituzte, astelehenetik aurrera jendaurrean ikusgai izanen direnak.

Musikarte proiektua aurrera eramateko, lehenik, ikasleen motibazioa landu zuten. Horretarako, Igor Ijurra musikariaren eta Patxi Abasolo historialariaren hitzaldi bana izan zuten ikasleek. Horrekin batera, Irati Urrestarazu, Elena Santano eta Sandra Galbete artista sakandarrekin saio praktikoak izan zituzten. Horren guztiaren ondoren,  ikasleek musikak sortutako sentimentuak eta espresioak aintzat hartuz, sortu nahi zituzten obrak diseinatu zituzten. Ikasleek interpretazio artistiko ezberdinak sortu dituzte, Iortian ikusgai daudenak.

Hirugarren aldia
Altsasun kokatuak dauden bi ikastolek duela lau urte hasi ziren Sakanako artistak aitzakia moduan hartuz ikasleekin sormena lantzen, Txioka haur ikastolatik hasi eta DBHko ikasleetaraino aritzen dira proiektuetan lanean. Aurreneko aldian Txuspo Poyoren, Dora Salazarren eta Jose Ramon Andaren eskulturez baliatu ziren lanak sortzeko. Duela bi urte, berriz, Castillo Suarez eta Alberto Barandiaranen obrak izan ziren sormenaren ardatza. Eskultura eta literaturaren ondoren, musikarendako txanda izanda oraingoan.

Mustutze ekitaldia
Bihar, 18:00etan, Iortia kultur gunean.