guaixe.eus

Altsasuarren %34,7 euskalduna

  Gizartea  Altsasu

Euskarazko ordenantza garatzeko udalak egindako galdetegiak eman duen datua.

Altsasuarren hizkuntza eskubideak bermatu helburuz, aurreko legegintzaldian udalak euskararen erabilerarako eta sustapenerako ordenantza onartu zuen. Hura garatzeko plan bat onartu zen joan den urteko azaroan. Eta, horrekin batera, Altsasuko euskaldunen errolda egitea erabaki zen. Azken horren bidez altsasuarren eta udalaren arteko euskarazko harremana bermatu nahi da. Horren guztiaren ondorioz 246 altsasuarrek udalaren komunikazioak euskara hutsean jasotzeko eskaera egin dute. Hala jasoko dute eskaera egiten duten herritar guztiek ere.

Euskaldunen errolda hori egiteko udalak bi urtetik gorako altsasuar guztiei galdetegi bat bidali zien. Borondatezkoa zen galdetegia erantzutea. 1.584 erantzun jaso ziren, 804 emakumezkoenak (%50,8) eta 776 gizonezkoenak (%49). Adinari dagokionez, jasotako galdetegi gehienak 30 eta 49 urte bitarteko pertsona helduei dagokie, %26,26, hain zuzen. Ehunekorik txikiena 0-14 urte bitartekoena da (%14,02). Besteak beste, euskararen ezagutza maila, etxean gehien erabiltzen den hizkuntza eta euskara ikasitako tokia zein den galdetzen zen. Horrek Altsasuko soziolinguistika egoerari buruzko informazioa eskuratu da.

Euskaraz ulertu, hitz egin, irakurri eta idatzi
Jasotako datuen arabera, ahozko ulermenari dagokionez, %37,63k ongi ulertzen du euskara; %10,29ak testu errazak ulertzen ditu eta %22,22 hitz batzuk. Bakarrik galdetegia bete duten altsasuarren %29,86ak adierazi du ez duela euskara batere ulertzen. Hitz egiteko gaitasunari dagokionez, galdetegia bete dutenen %34,66k ongi hitz egiten dute euskaraz. Antzeko kopuru batek, %35,23k zehazki, ez du euskaraz batere hitz egiten. Gainerakoek testu errazak esan ditzakete, edo, behintzat, hitz batzuk.

Irakurmenari dagokionez, galdetegia erantzun duten %42,8k ez du euskaraz idatzitakoa batere ulertzen. %33,08k ongi ulertzen ditu euskarazko testuak. Gainerakoek hitz batzuk edo testu errazak ulertzen dituzte., Azkenik, idazmenari dagokionez, galdetegia erantzun duten %31,57k ongi idazten dute euskaraz. %44,32k ez daki ezer idazten euskaraz eta gainerakoek hitz batzuk edo testu errazak idazten badakite.

Sexuari dagokionez, ez dago alde nabarmenik ahozko ulermena, idatzizko ulermena, ahozko ekoizpena eta idatzizko ekoizpenari dagokienez.

Ezagutza adinaren arabera
Euskara ongi hitz egiten dutenen ehunekorik handienak haur eta gazteengan aurkitzen ditugu: %78,8 0-14 urte bitarteko haurren artean eta %72,4 15-29 urte bitarteko gazteen artean. Ehunekorik txikiena 65 urtetik gorako pertsonei dagokie: %6,4.

Hitz egin / Adina 0-14 15-29 30-49 50-64 65 Bataz bestekoa
Ondo %78,8 %72,4 %30,1 %14,4 %6,4 %34,7
Elkarrizketa errazak %6,3 %7,5 %14,2 %10,0 %4,3 %9,0
Hitz batzuk %9,5 %9,6 %25,0 %27,6 %24,9 %21,1
Batere ez %5,4 %10,5 %30,8 %48,0 %64,4 %35,2
Guztira %100 %100 %100 %100 %100 %100


Etxean gehien erabilitako hizkuntza
Galdetegia bete dutenek etxean gehien erabiltzen duten hizkuntza gaztelania da, zehazkiago, %71,1ena. Soilik %6,1ek hitz egiten du euskaraz bakarrik. %19,3ak adierazten du bere etxean euskara eta gaztelaniaz, biak, erabiltzen direla. Euskara eta gaztelania alde batera utzita, galdetegia bete duten pertsonek etxean gehien hitz egiten dituzten hizkuntzak portugesa eta arabiera dira.

Hizkuntza Kopurua %
Euskara 97 %6,1
Gaztelania 1126 %71,1
Biak 305 %19,3
Beste bat 56 %3,5
Guztira 1584 %100


Etxean gehien hitz egindako hizkuntza (euskara eta gaztelania izan ezik)

Hizkuntza Kopurua
Arabiera 14
Bengalera 2
Berberea 9
Frantsesa 2
Ingelesa 1
Katalana 3
Portugesa 15
Fula 2
Errumaniera 8
Guztira 56


Euskara ikasi duten tokia
Galdetegia erantzun duten euskaldunen gehiengoak (%58,5) adierazi du ikastetxean ikasi dutela hizkuntza, zehazkiago, D ereduan. Nabarmena da ere euskara etxean ikasi dutenen ehunekoa: %40,4. Txikiagoa da euskaltegian euskara ikasi dutenen ehunekoa: %18,7.

Euskara ikasi duten tokia (bat baino gehiago izan daiteke)
Etxean 298 %40,4
Ikastetxean (D eredua) 432 %58,5
Ikastetxean (B eredua) 24 %3,3
Ikastetxean (A eredua) 87 %11,8
Euskaltegian 138 %18,7
Beste bat (zehaztu zein) 61 %8,3
Erantzunik ez 738 %100
Guztira 1584  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak