Geroa Baik plantilla organikoko aldaketa “zentzuzkoa” dela uste du

Guaixe 2017ko mar. 9a, 18:47
Geroa Baiko udal taldeko kideak.

Koalizioak egindako aldaketa “Altsasuko soziolinguistika-errealitatearekin bat egiten” duela defenditu du.

Geroa Baik udaleko Lanen Lantaldearen postuen hizkuntza-profiletan egindako aldaketa defendatu du. EH Bilduk horri jarritako alegazioak direla eta alkatetzako taldeak dio otsailaren 10ean plantilla organikoan egin zen aldaketak idazkariaren aldeko txostena duela, “ezin da bestela izan”. Geroa Baik azaldu duenez, “Udaleko Giza Baliabideen Antolakuntza Batzordean talde gehienek ulertu zuten”. Geroa Baik nabarmendu du bai Lanen Lantaldeko buruak baita Zelandi eskola publikoko atezainak ere euskara derrigor ezagutu behar dutela, “baina lantaldeko gainontzeko postuetarako (iturgina, kisusgilea…) euskara meritua izanen da eta ez betekizuna”.

Koalizioak gogorarazi du duela hilabete onartutako aldaketa NaBaik 2014an egitea eskatu zuela. Geroa Baitik berretsi dute “soziolinguistika-errealitatearekin bat eginez” hartutako erabakia izan dela, “jendearekin harreman zuzena ez duten lanpostuak baitira”. Alkatearen taldeak gaztigatu duenez, “Altsasu moduko herri anitz batendako jarrera integratzailea defendatzen dugu. Hala erakutsi dugu bai plantilla organikoarekin bai aurtengo aurrekontuekin”.