guaixe.eus

Altsasutik sakandarrei dei egin die

  Gizartea  Altsasu

Altsasukoak aske aldarrikatzeko gaurko kontzentrazio handian sakandarrak parte hartzera deitu gaituzte. Altsasuko auziaren urteurrena beteko da etzi eta plataformak informazioa zabaldu eta elkartasuna azaltzeko egitaraua prestatu du.

Asteburu berezia da hau Altsasun. Joan den urteko ferietan izandako liskarretik urtebete pasa da. Hori gogoan, plataformak Urte 1 muntaia jasaten, urte 1 elkartasuna hedatzen leloa duen egitaraua prestatu du. "Altsasura begira mobilizazio ugari egin ditugu. Euskal Herrikoak ere. Baina Sakanakoak ez ditugu deitu. Altsasuko auziaren urteurrena betetzen dela baliatuta sakandarrak gaurko mobilizazioan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu". Hala azaldu digute herri plataformatik gaurko deialdi bereziaren esanahi. Hitzordua 19:00etan da, udaletxe aurrean.

Asteburuan handik pasatzen direnak plataformaren jardunaren berri ematen duen erakusketa ikusteko aukera izanen dute. Gure Etxea eraikineko kalean hainbat panel jarriko dituzte eta haietan bere urte beteko jardunaren berri emanen dute. Aldamenean jarritako postuan Adurri, Jokini eta Oihani gutunak idaztekoa ere.

Atzera begira
Bihar goizaldean urtea beteko da. Taberna barruan sortu zen liskarra eta Gartzia Ximenez kalean segitu zuen. Kalez jantzitako bi Guardia Civilen, haien bikoteen eta gazteen artean izan zen liskarra. Lehen ondorioak. Batetik, tenienteak orkatilan haustura izan zuen eta sarjentuak eta bikotekideak kontusio arinekin ospitalean bukatu zuten. Bestetik, bi gazteren atxiloketa, bat taberna batetik bestera zihoala eta bestea atxiloketagatik protesta egiten ari zela atxilotu zuten. Iruñeko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epailearen aurretik astelehenean pasa eta aske gelditu ziren.

Baina ordurako, dagoeneko, liskar bat baino gehiago zen Altsasukoa. Erakunde, alderdi eta eragile ugarik gertatutakoa gaitzetsi zuten eta liskarrean izaera politikoa ikusi zuten. Gertaeren kontakizun bat, lintxamenduarena, nagusitu zen lehen ordu haietan eta hurrengo egunetan Altsasuko liskarra estatuko hedabideetan toki handia hartu zuen. Lastailaren 17an bertan Altsasuko Udalaren adierazpenak "zenbait hedabidek gure herriaz eman duten irudia errefusatu du; errealitatearekin ez du zerikusirik". Liskarrak liskar herriaren kontra neurrigabe ari zirela sentitzen zuten altsasuarrek. Ondoez handia sortu zuen informazio tratamenduak. Hurrengo larunbatean, 22an, 2.500 pertsona aterako ziren kalera. Haren hasieran Coviteko lau kide izan ziren, salatuz "izua eta gorrotoa inposatu nahi dute EAEko eta Nafarroako hainbat herritan”.

Espainiako Auzitegi Nazionalera
Guardia Civilek epaitegian eta  Foruzaingoaren atestatuak bat zetozen eta ondorio bera atera zuten: bi guardia zibilek eta haien bikotekideek bizi zutena ez zela ez lintxamendua ezta jipoi antolatua ere. Baina Guardia Civilak gorroto delitua zela argudiatzeko 80 orriko txostena prestatu zuen, Altsasuko Ospa mugimendua Alde Hemendik dinamikarekin lotuz, besteak beste. Covitek liskarra Espainiako Auzitegi Nazionalean terrorismo delitu salatu zuen eta hainbat pertsona auzipetzea eskatu zuen.

Fiskaltzaren iritzia eskatu ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko Carmen Lamela Diaz epaileak Altsasuko liskarreko auzibidea bere esku hartu zuen. Auzia Nafarroan gelditzeko epaitegien arteko gatazka sortu zen, baina Madrilen gelditu da. Makina bat erakundek alferrik eskatu dute auzia Nafarroan epaitzea.

Erabakia hartu zen egun berean, lastailaren 26an, ustez liskarrean parte hartzeagatik identifikatutako gazteak euren borondatez aurkeztu ziren Iruñeko epaitegian. Liskarra izan eta hilabetera, azaroaren 14an, heldu ziren zortzi atxiloketak. Seik Madrilgo espetxetan bukatu zuten eta beste bat gehituko zitzaien. Bederatzi auzipetu izan ziren hasieran, baina bat kanpo gelditu zen, gainera bi adin txikiko ere auzipetuta daude. Guztien askatasuna aldarrikatzeko Altsasun sekula egin den manifestazio handiena hartu zuen: 20.000 pertsona. Lau abenduaren 20an askatu zituzten. Adurrek, Jokinek eta Oihanek oraindik preso segitzen dute Madrilen.

Gurasoak eta herritarrak antolatu egin ziren. Nork bere aldetik auziaren inguruko albisteak zabaltzen eta atxikimenduak lortzen ari dira ordutik.

Egitaraua
Ostirala 13
19:00 Ostiraleko kontzentrazioa. Argazki erraldoia eginen da eta mikrofono irekia utziko da, udaletxe parean.
19:00-21:00 Eskutitza bidalketa masiboa. Postua udaletxe plazan. Altsasukoak Aske, urte beteko jardunaren bilduma-erakusketa Gure Etxeko kalean.

Larunbata 14
12:00-14:30 Eskutitza bidalketa masiboa eta erakusketa.
18:00-21:00 Eskutitza bidalketa masiboa eta erakusketa.

Domeka 15
10:00-15:00 Eskutitza bidalketa masiboa eta erakusketa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak