Jubilatuek garilean kontzentratzen segituko dute

Guaixe 2018ko eka. 24a, 13:01
Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Otsailaren 22ko Plataformak deitzen dute kontzentrazioa

Astelehenero, 19:30ean, udaletxe parean 15 minutuz pentsio duinak aldarrikatzera elkartzen dira.

Pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago dira pentsio duinak aldarrikatzeko astelehenetan kontzentrazioetan parte hartzen ari direnak. Lau hilabete daramate kalera ateratzen. Pentsioak % 0,25 haztea “kaka” bat zela salatu zuten hasieran, baina berehala mezua zuzendu zuten ohartu baitziren “benetako kaka pertsona batzuek jasotzen dituzten pentsio baxuak direla, are gehiago dakigunean familia askoren oinarri sozio-ekonomikoa bihurtu dela”.

Udaletan aurkeztu zituzten mozioetako aldarrikapenak bere horretan mantentzen dituzte jubilatuek. Alde batetik, “2011ko erreformaz geroztik kendutako dirua berreskuratzea” eskatzen dute. Bestetik, pentsioak Kontsumo Prezioen Indizearekin (KPI) eguneratzea “orain eta beti”. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa eta Lanbide Arteko Soldata 1.200 eurokoa izatea nahi dute. Nafarroarako gizarte segurantza sistema propioa aldarrikatzen dute, baita botiken berrordainketa. Horretaz aparte, 2011 eta 2013 urteetako pentsioen erreforma bertan behera uztea exijitzen dute. Azkenik, Toledoko Paktua bertan behera uztea eta gaia Kongresuan lantzea eskatu dute.