Herri-lanek autobus geltokiaren aldaketa ekarriko dute

Guaixe 2018ko urr. 20a, 10:51
Isidoro Melero kaleko ikuspegia.

Isidoro Melero eta Ermita kaleko lanengatik autobus geltokia Idertzegain kalera aldatuko da ferien ondoren.

Altsasuko Udalak sareak eta zoladura berrituko ditu Isidoro Melero eta Ermita kalean. Aldi berean, espaloiak eta aparkalekuak egokituko dituzte.  Lanak Construcciones Mariezcurrena SAk eginen ditu 633.833,62 euroren truke (BEZ kanpo). Nafarroako Gobernuaren Toki Inbertsioen Planean (TIP)jasoa dago inbertsio hori. Lanak ferien ondoren hasi eta sei hilabete iraunen dute.

Autobus geltokia Isidoro Melero kalean dagoenez, garraio publikoko zerbitzua ezin izanen da hara joan. Horren ordez, Idertzegain kalean geldituko dute, Aita Barandiaran adinduen egoitzaren ondoan. Han, gaur egun, Irun eta Madril arteko lotura egiten duten autobusak gelditzen dira. Horregatik, eta  Isidoro Meleroko lanak urte erdiz luzatuko direlako, Altsasuko Udalak markesina bat jartzea erabaki zuen asteartean, bidaiariak ibilgailuen zain daudela, aterpea izan dezaten. 3 metro luze izanen ditu.

Bada beste autobus geltoki bat Altsasun, suhiltzaileen egoitzaren parean. Han Iruñea eta Bilbo arteko lotura egiten duten autobusak gelditzen dira. Aurreko arrazoi beragatik Altsasuko Udalak erabaki du Iruñeko etorbidean ere markesina jartzea, 2,5 metro luze izanen duena. Bi aterpe horiek erosteko 12.000 euro bideratuko ditu udalak.  

Lan gehiago
Bilkura berean Altsasuko Udalak Amaia eta Bakea kaleen sareak eta zoladurak berritzeko lanen proiektua onartu zuen. Heldu den urtean eginen den lan horren aurrekontua 1.031.000,61 eurokoa da, horietatik 609.857,62 euro inguru TIP-aren bidez pagatuko dira.

Bakea kalean, zehazki, Zumalakarregi plazako zatia da berrituko dena, Akelarre taberna pareko kale zatia barne. Horregatik, udalak plazako zorua berrituko du. Lan hori inolako diru-laguntzarik gabe eginen du. Hirigintza Batzordean dagoeneko zehaztu dituzte zein behar ase behar diren lan horrekin. Udal arkitektoak kostua zehaztu eta udalak aurrekontu aldaketa egin beharko du lan horiek finantzatzeko.

Bestalde, Altsasuko Udalak aurrekontu aldaketa onartu zuen. Haren bidez argiteria publikoa berritzeko aurreneko fasea finantzatuko da. TIPen jasoa dagoen lan horretan Beikolar, Ibarrea, Ameztia, Intxostia, Altsasu Institutua, Zubeztia, Beheko Benta, Ondarria eta Gurutzeko Bideko aginte zentroak daude. Lanek 316.635,62 euro dituzte. Beste 73.000 euro Ondarria industrialdeko eta Dantzalekurako bideko kableak aldatzeko bideratu ditu aurten udalak. Egungo argiak LED teknologiagatik ordezkatuko da, energia eraginkortasuna hobetu eta  energia eta dirua aurrezteko. Lan horiek lau hilabetetan egin beharko dira.  

Azkenik, apirileko euriteek kaltetutako Fernandopo, Engrazia, Tontorsoro eta Izalzi baso bideak konpontzeko 40.025,38 euro bideratuko ditu udalak. Horretarako, aurrekontu aldaketa onartu zuen.