Asteburuan, Sakana 4x4 Topaketa

Guaixe 2017ko mar. 31a, 12:30

Larunbatean, 15:30etik aurrera eta 23:00etan (gaueko proba), eta igandean 11:00etan, Arbizuko industrialdean

Arbizu todoterrenoen topaleku izango da asteburuan. Izan ere, Sakana 4x4 Topaketa antolatu dute astebururako, Arbizuko industrialdean. Sakana 4x4 taldeak prestatutako zuloz eta trabaz betetako zirkuitua norabide batean gurutzatu beharko dute todoterrenoek larunbatean (15:30ean) eta kontrako norabidean, aldiz, igandean (10:00etan). Larunbat gauean gaueko proba jokatuko da (23:00etan).

Sakana 4x4 taldeko kideak lanez lepo dabiltza guztia behar bezala prestatzeko. Aurten zirkuitu berria izanen dute. “Bi urtetik aldatzen dugu, ezberdina izateko. Aurten 7 eremuko zirkuitua prestatzen ari gara. Denetarik izango du: zuloak, putzuak, igoerak, jaitsierak, eskaloiak, zubiak, malda ikusgarriak… denetarik” azaldu digu Sakana 4x4 taldeko Jose Luis Lakuntzak. Larunbat arratsaldean 7 eremuak norabide batean gurutzatu beharko dituzte todoterrenoek, eta igandean, aldiz, kontrakoan.

Oso arrakastatsua izaten da Sakana 4x4 Topaketa, bai pilotuen kopuruarengatik eta baita proba jarraitzera hurbiltzen den jendetzagatik. Aurten 38 pilotuk eman dute izena. “Euskal Herrikoak, Burgosekoak, Santanderrekoak… denetatik. Hiru sakandar lehiatuko dira, Josu Lizarraga urdiaindarra, Jon dorrobarra eta Bego altsasuarra. Maila handikoak dira guztiak eta sekulako ikuskizuna eskainiko dute, seguru” gaineratu du Lakuntzak. Horretarako, gune ikusgarriak prestatzen ari dira, oztopoz, urez, zuloz, maila ikusgarriez eta lohi askoz betekoak. “Lohia ez da faltako, hori ziur” adierazi du, irrifarrez, Lakuntzak.

Proba honetan garrantzitsuena ez da denbora laburrena egitea, baizik eta guneak penalizaziorik gabe gainditzea. Hau da, atzera-martxa eta bestelako maniobrak egiten badira, penalizazioak jartzen dizkiete gidariei, puntuak ematen dizkiete, eta proba guztia burutu ondoren puntu gutxien dituena izaten da irabazlea.

Lehendabiziko zortzi sailkatuendako saria egongo da. Horretaz gain, iaz zendutako Jorge Romero kopilotua gogoan, kopilotu onenarendako saria banatuko dute aurten. Eta emakumeendako ere saria izango da.

Gaueko proba
Larunbat gauean, 23:00etan, gaueko proba prestatu dute. “Kasu honetan pilotuen lana kronometratu egiten da, topaketan ez bezala” azaldu digu Lakuntzak.
Puntako motor ikuskizun honetaz gozatzeko gonbitea egin du Sakana 4x4 taldeak.