Argiteria berrituta, ezer gutxirako emanen du aurrekontuak

Guaixe 2016ko api. 29a, 08:44
Arbazuarrak, festetan dantzan.

Arruazuko zeharbidea 2013an konpondu eta herriaren esku gelditu zen. Makinak herrian zeudela baliatuta kioskoa egin zen. Hura zenbait urtetan ordaintzen aritu dira. Lan haiekin ere argiteria publikoa aldatu zen. Pello Betelu Ganboa alkateak azaldu digunez, “herri erdian led-ekin argitzen duten farolak jarri ziren. Hurrengo urteetan herriko beste farolak led-dunak izateko inbertsioa egin dugu”. Joan den urtean, esaterako, 19.877 euro.

Alkateak azaldu digunez, zeharbideko lanen ondoren ordaindu beharrekoek eta “dauden diru-sarrerak txikiak izatean, aurten ez da inbertsiorik egitea aurreikusten. Aurten behintzat betikoa eginen dugu, dagoena mantentzea”. Basoan itxiturak eta bestelako lanak egiteko diru-laguntza eskaera egina du udalak. Joan den urtean horretara 726,07 euro bideratu zituen. Pinudi batetik egurra ateratzeko asmoa ere badu. Dermioko bide batzuk konpontzeko premia dutela azaldu digu: “neguan azienda, traktoreak eta kamioiak ibili dira, baina konponketak itxaron egin beharko du”. Aurtengo aurrekontua joan den urtekoaren antzekoa izanen dela azaldu digu Beteluk, 90.000 euro ingurukoa.