Jose Angel Galartza. "Maketak egiteko pazientzia handia behar duzu. Hori ezinbestekoa da"

Jose Angel Galartza. "Maketak egiteko pazientzia handia behar duzu. Hori ezinbestekoa da"

1. Nondik datorkizu maketak egiteko zaletasuna?
Belenak egiteko zaletasuna betidanik izan dut. Gazte nintzenetik. Atarrabiako apaiz bat egon zen hemen eta artista bat zen. Etxeen maketak egiten zituen. Hemen ez zegoen ezer, lau irudi zeuden eta hori jartzen zen. Baina belenak egiten hasi zen eta nik laguntzen nion. Erretiratu nintzenean Olatzagutiako belenistekin ikastaro bat egin nuen eta horrela hasi nintzen. Duela hamar urte inguru.

2. Zein eraikinen maketak egin dituzu?
Bakaikuko elizaren maketa egin dut, udaletxearena, elizaren ondoan dauden etxeen maketa, Santiago baselizarena, Barnetegia, iturriak ere egin ditut, Aralarko Mikel Donea santutegia, baita Xabiergo gaztelua ere. Beleneak egiten hasi nintzenean esan zidaten Bakaikun etxe asko zeudela egiteko. Haiek orientazioa eman zidaten. Harrigarria da haiek egiten dutena. Eta han hasi nintzen.

3. Iazko Gabonetarako belena egin zenuen?
Bai. Iturmendiko plaza egin nuen: udaletxea, udaletxearen gainean etxe handi bat dago, Jauregia deitzen dioguna, eta gero beste etxe bat lehen taberna eta dena zeukana. Goiko iturria eta garbitegia ere egin ditut. Urtero maketa bat egin izan dut.

4. Zergatik egin dituzu eraikin hauen maketak?
Gustatzen zitzaidalako etxe hauek eta, gainera, maketak egiteko egokiak dira. Kontuan izan behar da irudien neurria etxeak egiteko.

5. Zer materialak erabiltzen dituzu maketak egiteko?
Poliespan erabiltzen dut. Gero teilak egiteko eliza egin nuenean plastikozko tubotxo txiki batzuekin egin nituen. Bost edo lau zentimetroko zatiak moztu, erditik moztu eta gero pasta bat bota behar zaio gainetik eta ondoren margotzen dituzu. Azken urteetan teilak kartoiarekin egin ditut. Kartoi gogorra izan behar da. Goiko azala kendu eta barruan gelditzen den tolesturarekin egin ditut. Gero pasta eman eta margotu. Lan handia da. Kuterrarekin eta erregailuarekin deitzen diogun tresna batekin lan egiten dut. Erregailuarekin poliespana markatzen duzu. Gero margotzeko koloreak prestatu behar dituzu eta probatu. Etxeak zuriak badira primeran, zuriz margotu eta listo. Harriak zailagoa da probatu behar duzulako kolore egokia lortzeko.

6. Zenbat denbora behar duzu maketa bat egiteko?
Maketa bat egiteko lehenengo eraikinaren argazkiak egiten ditut. Ondoren semeak argazkiaren bidez ordenagailuan marrazkia ateratzen ditu; ateak, leihoak... eta eskalan jartzen ditut kontuan hartuta irudien tamaina. Irudiak handiak badira maketa altuagoa izango da, eta txikiagoak badira maketa txikiagoa izango da. Iaz apirilean hasi nintzen egiten abenduan jarri nuen belena. Lan asko egin behar da. Balkoiak dira lan gehien behar duten elementuak.

7. Zer tamaina dute?
Maketak 60 edo 65 cm-ko altuera dute, zabaleran 70 cm inguru eta 80 cm inguruko sakonera. Iturmendiko udaletxeak uste dut 80 cm-ko altuera duela eta sakoneran 40 zentimetro inguru. Guztira lau metro inguru hartzen du. Dena eskalan eginda dago. Irudiak txikiagoak izango balira, maketak ere txikiagoak izango ziren. Lan egiteko lekua baduzu txikiago egiteko aukera dago, izan ere, ateak eta leihotxoak txikiak direlako eta detaileak egiteko ere zailagoa delako.

8. Non gordetzen dituzu?
Maketak etxean egiten ditut. Han prestatzen ditut eta gero erakusteko unean bere tokian jartzen ditut. Non gordetu da arazoa. Batzuk etxe zahar batean gorde ditut, apaizaren etxean. Beste batzuk, Mikel Donea santutegia, adibidez, pilotalekuan dagoen biltegi batean gordeta daukat. Udalarena da biltokia eta udaltzainari galdetu nion ea lekuren bat zegoen eta han gordetzeko esan zidan. Batzutan esaten didate oso polita dela eta eramateko esaten diet.

9. Bihar Iturmendin erakusketa egingo duzu.
Bai. Gabonetarako Iturmendiko plaza egin nuenez Iturmendiko batzuk enteratu ziren eta ikustera etorri ziren. Kultura arduradunek esan zidaten Iturmendin erakustea nahi nuen. Eta esan nuen baietz, nahi zutenean eramango nuela. Orduan maiatzan edo erakusketa egiteko esan zidaten. Maiatzaren 8an San Migel eguna izan zen, baina orain larunbatean ospatzen denez bihar izango da erakusketa. Aurreko astean oinarria prestatzen hasi nintzen eta biharko dena prest dago.

10. Aurten maketa berria egingo duzu?
Aurten ez dakit. Denbora asko behar da. Eta orduan aurten ez dakit egingo dudan. Olatzagutiko belenzaleek esan zidaten urteren batean ez banuen ezer egiten haiei esateko eta nik nahi dudan belena jarriko dutela hemen Bakaikun. Seguruenik aurten hori egingo dut. Hurrengo urte baterako pentsatuko dut zer egin. Jende gehiago behar da. Ea norbait animatzen den. Eta lan egiteko leku bat ere. Norbait animatzen bada etxera eraman dezake lana; neurriak eman eta bakoitzak bere etxean egin eta gero elkartuko genuke dena. Baina leku bat behar da.

11. Zer behar da maketak egiteko?
Gustatu behar zaizu eta pazientzia behar duzu. Hori ezinbestekoa da. Pazientzia handia behar duzu. Baina denbora pasatzeko modu bat da. Ni etxabera joaten naiz 9:30 edo 10:00etan eta hasten naiz egiten eta erlojua begiratzen dudanean 12:45ak direla ikusten dut. Bazkaltzera joan behar naiz jada. Edo arratsaldean bazkaldu ondoren jaisten naiz eta arratsaldeako zazpiak edo gehiago direla ikusten dudanean esaten dut: nahikoa da, bihar jarraituko dut.