Zeberio eta Romero Cho Oyuko lehen kanpamenduan daude

Guaixe 2016ko ira. 22a, 12:06
Javier Zeberio, Joanma Romero eta beste kide batzuekin, Himalayan.

Cho Oyu (8.201 m) igotzeko bidean, bigarren kanpamendua muntatzekoak ziren baina elurteengatik lehen kanpamenduan jarraitzen dute

Javier Zeberio Arraras bakaikuarra Himalayan dago, Joanma Romero valentziarrarekin batera, Cho Oyu (8.201m), bere lehen zortzimilakoa, igotzeko espedizioan. Irailaren 2an hartu zuen Nepaleko bidea. Katmandura iritsita, Lhasara jo zuten eta bertatik Tingrira. Bertan altuerara egokitzeko prozesuari ekin zioten eta handik Cho Oyuko kanpamendu nagusira jo zuten.

Cho Oyu igotzeko ibilbideari ekinez, lehen kanpamendua muntatu zuten. Herenegun bigarren kanpamentua muntatzea aurreikusten zuten, baina ezin izan dute lehen kanpamendutik atera, elurte jarraiengatik. Tarte honetan eguraldiak onera egitea itxaroten ari dira, aurrera egin ahal izateko. 6.515 metroko altueran daude bi mendizaleak.

Javier Zeberiok eta Joanma Romerok urriaren 3an atera beharra dute kanpamendu nagusitik, ordura arteko baimena dute. Jabe dira  duten tartea laburra dela, baina bertan espedizio gehiago daude eta espero dute guztien artean aurrera egiteko gai izango direla eta gailurra egiteko aukera izango dutela. Asmoa bi kanpamendu jasotzea da, bata 6.400 metrotan –dagoeneko jaso dutena– eta bestea 7.000 metrotan. Bigarren kanpamendu hau 7.450 metrotara igotzea da euren asmoa, gailur saiakera egiten dutenean.

http://racetracker.es/rt/dezeroacim/cho-oyu
Espediziokideak orain arte egindako ibilbidea markatzen duen aplikazioa, eta momentuan espediziokideak non dauden, zein altueran, latitudean eta longitudean.

De zero a cim
Romerok eta Zeberiok Facebookean duten orria, euren ibilbidearen berri ematen duena.