June Kintana Espainiako txapelduna

Guaixe 2017ko mar. 7a, 12:11
Argazkiak: Espainiako Atletismo Federazioa, Jose Antonio Miguelez.

Jaurtiketa Luzeen Espainiako Neguko Txapelketetako disko jaurtiketa irabazi du (51,76 m)

Jaurtiketa Luzeen Espainiako neguko Txapelketa jokatu berri da Montijon (Badajoz). June Kintana bakaikuarrak (Grupompleo Pamplona Atlético) sekulako txapelketa egin zuen eta disko jaurtiketa irabazi zuen, 51 metro eta 76 zentimetroko jaurtiketarekin, bere marka pertsonaletik oso gertu (52,90 m). Horrela, Espainiako txapeldun berria dugu June. Juneren entrenamendu kide eta laguna den Ines Venero leondarra izan zen bigarrena (45,98 m) eta Laura Blazquez madrildarra hirugarrena (42,48 m). Hortaz, sei metrotik gorako aldea atera zien Kintanak Venerori eta Blazquezi. Denboraldiko liderra eta proba irabazteko faborito nagusia, Andrea Alarcón, ez zen fin ibili eta sei jaurtiketa nulo egin zituen.

June Kintana 2016an Espainiako txapeldun unibertsitarioa izan zen eta, orain, aldiz, Espainiako txapelduna. Bakaikuko atletak Leongo Unibertsitatean albaitaritza ikasten du eta CEAR zentroan (Centro Especial Alto Rendimiento Deportivo) disko jaurtiketa entrenatzen du. Estatuko jaurtitzaile onenetakoa da bakaikuarra.  

Asteburuan Europako Jaurtiketen Kopara
Otsailaren 18an Nafarroako txapelketan irabazi zuen Kintanak (52,67 m). Horri asteburuan Espainiako Txapelketetan lortutako emaitza gehitu behar zaio –52,90 m). Europako Jaurtiketen Txapelketan parte hartzeko gutxienekoa 52 m denez, June Kintanak asteburu honetan, martxoaren 9tik 12ra Palmas de Gran Canarian jokatuko den Europako Jaurtiketen Kopan aritzeko txartela lortu du. Andrea Alarcónekin batera –55,4 m-ko erregistroa dauka– emakumezkoen disko jaurtiketan Espainia ordezkatuko du Kintanak. “Europako Kopan nire helburua disfrutatzea eta ahal dudan hobekien egitea izango da”.