Basurde batek 15 ardi hil zituen

Guaixe 2016ko urr. 28a, 10:29

Agorrila eta lastaila bitartean Unanuko eta Dorraoko bost artzainen ardiak hil zituen. Uxaldi batean akabatu zuten duela bi aste.

Felix Resano Igoa artzain dorrobarrari basurde batek lau ardi hil dizkio lastailean. Beste artzain dorrobar baten eta hiru unanuarren artaldeei ere eraso zien basurdeak. Guztira 15 ardi hil zituen. Resanok azaldu digunez, basurdea “ibiltzen zan, gehien bat, erreka zuluen, Unanuko Utzubarren”. Agorrilaren hasieran erasoren bat egin zuen. Utzubar aldean ardiren bat edo beste hil zuen. “Gero astero o bi astero behin eitten zen bakarren bat”. Dorraora mugitu zenean basurdea Beriaingo “zier hortan ioten zan”. Artzain dorrobarrak esan digunez, basurdeak “azkenien, egunero eitten zen” eraso. “Bei, zebatu zan eta jaisten zan egunero artaldeta”.

Ardiak hilda eta artaldea izututa ikusita “guartzen giñen zaiela bitxon bat. Hasieran uste giñuben hasieran zala txakurre, zeatik hartu giñuben ardin bet putriek jan beño lehen. Zazkan zuluek beie jendiek esaten zen txakurre zala. Beie gio guartu ginen zuluek baino ziela basurdien hortzakin eindako zarraztak”. Basurdeek gehienbat ardien tripak, hestekiak eta halakoak jaten dituztela gaztigatu digu Resanok.

Basurdeak eragindako kalteak estaltzeko “ez do ez seguro ez ezere. Seguruek dazkazu, iguel hiltzen badie artalde guzie. Beie lau ardingatik ez do halakoik”.

Gero Dorrao aldera igo zen. “Hemen hil ttu, artzain guztien tartien, 15en bat ardi hilko zittuen, bai. Ez dakigu denak basurdie izenen zan. Jaixten die putriek, pues… Denak hasten die basurdienak diela beie… gu azkeneko laurek basurdienak zien, bei”. Artaldea urduriago egonda ezin izan dute berdin gobernatu. “Gio debei, igual umie bota ta denati. Galera bintzet, bei”. Artaldeak erasotzen dituzte putreek ere. Resanok esan digunez, “putriekin beti do bat o beste. Ez dakizu seguro putrie dan ein dona, hil dan aurretik… beti dude do, bei. Guk aspaldi ez diau ikusi bizik don ardiai atakie eitten. Orain dela 6 urte ikusi zan bastante, bei”. Umeak egiteko dauden ardiak gauetan bordara lotara sartzen dituztela azaldu digu.



Uxaldia
Lastailean maiz-maiz gertatu ziren basurdearen erasoak. Artzainak elkar hartu eta erasoren bat egonez gero Resano gaztigatzekotan gelditu ziren, “ehiztaiekin fanko ginelako beitzia harrapatzen ginuen basurdie”. Lastailaren 15ean “agertu zan ardi bet, hemen, herri onduen, hilda, beie jan be. Guartu ginen zazkala sabelien labankazuek bezela, moztutakuek. Esan giniben txakurre ez zela izenko. Hartu ginuben ehizeko txakur on bet, arrastokue, ta markatu zen ibildu zala basurdie onduen. Horrengatik, gehienbat, txakurrangatik”.

Basurdea non zegoen lokalizatu zuten. Dorrao gaineko harizti batean zegoen. Uxaldia egin eta ehiztariek basurdea akabatu zuten. Arrastoko txakurraren garrantzia nabarmendu du artzainak: “horrekin seitzen dezu harrapatzie nehi dezun basurdie” Dorrobarrak gogora ekarri du 2007an Urbasan antzeko erasoekin kalte handiak egin zituela basurde batek. “Iguel ein zittuben bi hilabete o gehio bueltaka, hiltzen ta”. Uxaldia hemen, uxaldia han “eta ez zebien harrapatu. Beie modu honta, arrastoko txakurre eta baldin ba txakurdune ona, al dau seittu arrastue nehi daun tokira ta biletzie justo nun don basurdie”.



Artzain gaztea
“Denbora asko ez dakat. Nik emanko ttut, hola, seien bat urte o hola. Gehio ez”. Artaldea hartzera nolaz animatu zen azaldu digu: “hasieratik ginazkan ardi betzuk amakin batia ta, gutxinaka-gutxinaka fan ginen gazta eitten. Gustetu zakigun gehio. Sartu zakigun, hori, nehi ginubela gehio eitta ta sartu ginen artzai bezela ta gaztandeie eitten”. Inbertsio handia eskatu zien horrek. “Eta ordubek die asko, asko. Launtze handiye biher da”. Hasierako “oso gorra” dela nabarmendu du, “gustetu bia asko ofiziyue, zegatik bestela ezin detteke atia aurria”. Diru-laguntzez galdetuta, “azkeniako zerbeit etortzen da, pega handiyekin”.

Martxa harturik Utxama izenarekin saltzen du Resanok bere gazta. “Saltzen da ta, kontentu gaude”. Gehienbat etxetik saltzen dute gazta, tabernaren eta jatetxeren batek ere gutxi batzuk hartzen die. Esnea ez dute ezer saltzen. Arkume garaian haiek saltzen dituzte, gehienbat harategiei eta bakarren batzuk partikularrei.

Aurrera begira jarrita, Resanok esan digunez, “dena do bastante ikututa. Diru-launtzek ez die etortzen be denboran ta gaudenak sartuta inbertsiotan ezin diau aurria ein nolanehi. Kostatzen da atiatzia, bei”. Jakinarazi digunez, gazta ekologikorako aldaketa betean dago gaur egun. Hasieratik asmo hori izan dute. Larreetan ez zuten ongarri sintetikorik ez ezer botatzen. “Giñakan pega bakarra zan pensube”. Aurten animatu dira urratsa ematera. Diru-laguntza gehiago jaso dituzte horregatik. Ekologikoan aritzeak larre azalera handiagoa eskatzen dio. Utxamakoek gazta ekologikoaren etiketa izanen dute urte eta erdi barru.

Ergoienan beste gazte bat hasi da artzaintzan baina bera izanen da ibarreko artzain gazteena. Maiatzean igo zuen artaldea mendira eta “guañiken dazkagu goitti. Aurten fan da bastante-bastante txarra uda. Beitti atia da jan gutxi”.