Bizipozak disko berria bidean du

Guaixe 2021ko urr. 28a, 09:01
Motxila 21 taldekoak eta Andoni Egaña Elkar estudioan Bizipozarako grabazioan. IBAI ARRIETA

Joan den urtean abiarazitako ‘Mundu berri bat guztiontzat’ proiektuari segida eman dio. Parte hartzaileen artean Motxila 21 taldekoak daude.

Haur eta familien ongizatea helburu duten 36 elkarteren elkarte da Bizipoza, eta Mundu berri bat guztiontzat egitasmoa martxan jarri zuen joan den urtean. Haren bidez 11 elkartek egunerokoan lantzen dituzten gaiak eta haien errealitateari buruzko abestiak eta bideoklipak sortu zituzten. Horien artean Biak Bat elkarte altsasuarrarena. Kantuak sortzeko elkarteak eta euskal kultur sortzaileak elkarlanean jarri zituzten. Emaitza CD eta DVD batean jasota gelditu zen. Horrela, elkarte bakoitzaren mezua musika, hitza eta irudiaren bidez gizarteratu zituzten. 

Egitasmoak segida izan du aurten eta 12 elkarteren errealitatea gizarteratuko dute musikaren, hitzaren eta irudiaren bidez. Emaitza hamar kantu eta bideoklip izanen dira. Hilaren hasieran grabatu zituzten kantuak Donostiako Elkar estudioan. Hilaren 2an Motxila 21eko kideak izan ziren han, tartean Aintzane Lizarraga Etxeberria saxofoi jolea eta taldeko boluntario eta akordeoilari Ainhoa Lizarraga Etxeberria eta eta Andoni Zilbeti Elia saxofoia eta gitarra-abeslari dorrobarrak ere. Motxila 21 taldekoek perkusioa eta ahotsak jarri zizkioten Andoni Egaña bertsolariak sortutako kantuari. Haren bidez EHko Down Sindromea fundazioaren berri zabalduko dute. 

Bizipozak jakinarazi duenez, CD-DVDa ilbeltzean argitaratuko dute. Egitasmoaren laguntzaileak dira: Fagor, Irizar, Danobatgroup, Laboral Kutxa eta Kutxa fundazioa.