Udalak web orria izanen du

Guaixe 2008ko mar. 6a, 00:00
Ergoienako Udalak bere azken bilkuran erabaki zuen web orria egitea. Ergoienako interneteko ataria izanen dena egiteko diru saila zehaztea falta da. Hori aurrekontua egiterakoan erabakiko du udalak. Bestalde, Ergoienako Udala aztertzen ari da ibarreko 3 herriak lotzen dituzten bideak konpontzea eta txukuntzea. Lizarraga Unanu eta Dorraorekin batzen dituen bideak ez daude onenean eta Unanu eta Dorrao arteko porlanezko pista hainbat tokitan zartatuta dago. Ergoienako Udalaren asmoa litzateke bideak txukuntzea, garbitzea, ezpondak ongi uztea eta asfaltoa ematea. Posible balitz hiru bideak zabaltzea ere nahiko luke udalak. Baina lan horiei guztiei ezin die bakarrik aurre egin. Hori dela eta, txostenak prestatzen ari da eta diru laguntzak eskatzeko asmoa du. Lanak gobernuaren, udala beraren eta kontzejuen diru ekarpenekin ordaindu beharko lirateke. Baina horretarako erakunde guztiak ados egon beharko dute.