Oskiako harrobiaren errestaurazio plana zorrotz jarraituko dute

Guaixe 2013ko urr. 3a, 19:12
Nafarroako Gobernuak eta Canteras de Oskia enpresak irailaren 26an aurkeztu zuten harrobia lehengoratzeko plana eta faseak. Arakilgo alkate Ruben Goñi Urrozek, bestalde, plan horren jarraipen batzordearen eta haren egitekoen berri eman zuen. Izurdiagako kontzeju etxean 30 bat pertsona izan ziren, gehienak errozkoak eta atondokoak ziren. Bai haiendako, nola haien kontzeju eta udalendako errestaurazio plana ezkutuko ustiapen plana da eta hala adierazi zuten bileran.Herritarrek hainbat ekarpen egin zituzten bileran. Lehenengo eta behin Errozko eta Atondoko etxeen egoeraren inguruko txostena egitea eskatu dute, bai barrutik bai kanpotik. Materiala ateratzeko leherketak hasten direnean, eraginik izanez gero aseguru etxeekin borrokarik ez izateko. Bestalde, materiala ateratzeko egiten diren leherketen inguruko hainbat neurri hartzea eskatu zuten. Lehenik eta behin, aldez aurretik eguna eta ordua jakinaraztea.Bestetik, ahal dela leherketa txikiak egitea eskatu zuten. Horretaz gain, leherketek sortutako hautsarekin ere kexu azaldu dira behin baino gehiagotan erroztarrak. Batez ere udan eta hego haizeak jotzen duenean. Halakoetan behar bezalako neurketak egitea eskatu zuten.UdalaPlanaren jarraipen batzordearen bidez ingurumen inpaktu txostenean jasotakoa betetzen dela "zorrotz" zainduko du Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuaren inplikazioarekin (erreka libratu, lur bejetala jarri, zuhaitzak landatu...) Horregatik, urtero harrobira bisitan joanen dira hautetsiak, gauzak behar bezala egiten ari direla zehazteko. Gainera, egindako bileraren antzekoak eginen dira urtero. Enpresak aurreko urtean egindako lanak azalduko ditu eta hurrengorako aurreikusi dituen lanak azaldu beharko ditu. Horrela orain arte ustiapenaren inguruan egondako kontrol falta saihestu nahi du udalak.Datuak- 2022ko garagarrilerako despedituta egon beharko du harrobiaren errestaurazioa. - 2 milioi m3 aterako dira. Aurten 30.000. - Errozko herri lurren 23.000 m2 erabiliko dira harrobia errestauratzeko. - Errozko herri lurren 16.761 m2 erabiliko dira bideak egiteko. - Atondoko herri lurren 99.183 m2 erabiliko dira harrobia errestauratzeko. - Basoko 4,5 hektareari eraginen die planak.