Galdeketagatik udala jarraipen judizial estua izaten ari da

Guaixe 2014ko api. 11a, 09:45
Galdeketa dela eta, fiskaltza eta NAfarroako Gobernua udalari zuzendu zaizkio.

A13 ekimenak antolatutako herri galdeketa dela eta, Etxarri Aranazko Udalak argi utzi nahi izan du galdeketaren antolaketan ez duela inolako parte hartzerik. “Udalak ez du utzi behar inolako giza baliabiderik, giza materialik edo eraikinik galdeketa egin dadin, ez baita galdeketaren antolatzailea”. Udalak, bestalde, erabakitzeko eskubidearen alde egindako adierazpena berretsi du.

Astelehenean udaletxean Nafarroako fiskaltzaren jakinarazpena jaso zuten. Ohar horren bidez fiskaltzak jakinarazi du herri galdeketaren kontura udalari prebarikazio administratiboa, ondasun publikoak bidegabe eralgitzea eta desobedientzia delituengatik prozedura zabaldu duela eta ikerketan laguntzea eskatu zuen.

Aurretik, martxoaren 27an, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuko zuzendari nagusi Francisco Perez Agirrek oharra bidali zuen. Hartan udala gaztigatzen zuen ezin zuela inolaz ere ezertan lagundu A13 ekimena. Etxarri Aranazko Udalak galdeketa babestuz adierazpena onartu zuen eta Perez berak bilkurako akta eskatu zuen.