Erradikaltasunaren inguruko elkarrizketa berezia

Guaixe 2017ko mar. 3a, 10:44
Beatriz Egizabal, Ane Labaka eta Iñaki Murua.

Larunbatean, 19:30ean Etxarri Aranazko kultur etxean.

Ane Labaka bertsolaria da. Beatriz Egizabal, berriz, antzezlea eta ipuin kontalaria. Biak elkartu eta Erradikalak gara ikuskizuna sortu dute. Egizabalek azaldu duenez, biek aspaldi elkarrekin egin nahi zuten zerbaiten emaitza dela azaldu du. Lasarteko 2016ko udaberriko bertso saioan du hazia ikuskizunak. Orduko hartan bakarrizketak eta bertsolaritzak uztartu zituzten. Egizabal bakarrizketekin ausartu zen. “Oso ongi atera zen. Bakarrizketa formatuan gustura sentitu nintzen”. Labaka saio hartan zegoen ere eta elkarrekin zer eginen zuten garbi gelditu zen.

Ordubete inguruko emanaldia da Etxarrira ekarriko dutena. Bien arteko elkarrizketa bat izanen da oholtzan. Baina batek bakarrizketak eta besteak bertso jarriak erabiliko ditu esan beharrekoak esateko. Feminismoa da elkarrizketa horren gaia. Labakak azaldu duenez, “gehien bat kontraesanen inguruan ariko gara”. Gaineratu digutenez, “erradikalak garela esaten digute. Askotan entzun dugu hori. Baina, nolabait, gaur egungo egoera azaldu nahi dugu eta iruditzen zaigula ez garela, igual, izan beharko genukeen bezain erradikalak”.  Erradikaltasunaren eta erradikaltasun ezaren barruan hainbat gai ukituko dituzte, “maletak kontraesanez beteta dakartzagu”. Biak ere “erraietatik” ariko dira, “umorez, erroetara iritsi nahian”.

Lanku Beka
Etxarrin taularatuko den obra Lanku Kultur Zerbitzuak enpresak bertso edukien sormenerako bekaren aurreneko edizioa irabazi du. Bekaren helburuak bi dira: batetik bertsolaritza muinean duten emanaldi berriak sortzea eta laguntzea, eta bestetik, berriz, sortzaileen eta Lankuren arteko elkarlana sustatzea. Lau lan aurkeztu ziren eta guztiak oso ongi baloratuak izan dira epaimahaiaren aldetik. Saridunek 800 euroko saria jaso zuten eta Erradikalak gara lanaren gidoi osoa aurkezteko 8 hilabeteko epea izan dute.


Ane Labaka
Erradikalak gara
Doinua: Haizea dator iparraldetik

1.Gizarte honen ezaugarri bat
argitzen du historiak:

neurritik kanpo denak dakartza

neurri gabeko fobiak

moderatua behar du hitzak,

borrokak nahiz euforiak.

Erradikala errora doa
hala dio teoriak

zer dauka txarra irauli nahiak

azpiko sustrai lodiak?

Berrikuspen bat behar du sarri

hitzen etimologiak.

2.Beldurragatik goraipatzen da


hainbeste neurritasuna

aldaketari trabak jarrita

mugatuz askatasuna


aldarrikatzen dugun aldiro


gure desadostasuna


“Erradikalak zarete” bada


esateko daukazuna


neurria zeinek jartzen duen
da

dagokizun erantzuna

ezer baino lehen subjektiboa

da erradikaltasuna.

3.Pribilejioak galtzeko beldur


pixka bat badaukanaren

begiradatik mintzo zarela


ikusi dezaket garden.


Hilabeteak iraun dituen


sorkuntza prozesuaren


emaitza bertsoz, bakarrizketaz…


josia dugu, dena den,


nola kritikak egiterako


orduan abila zaren,


etorri eta zuk baloratu


hain erradikalak garen.