Buruz burukoa: Joanes Bakaikoa lanera

Guaixe 2019ko api. 17a, 16:17

Final hamaseirenetan Victor izango du aurkari lehen mailako Buruz Burukoan estreinatuko den Joanes Bakaikoak, larunbatean 17:45ean Ezkarain jokatuko den partidan

Abian da Buruz Buruko 2019ko txapelketa. Aurretikoen ondotik, final hamaseirenen txanda iritsi da. Horrela, larunbatean, apirilaren 20an, Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriarrak Victor izango du arerio Ezkarain jokatuko den final hamaseirenetan.

Aurreko urtean Promesen mailako Buruz Burukoa irabazi zuen Joanes Bakaikoak, final oso gogorrean Jon Erasuni 22 eta 17 irabazi eta gero. Horrela, 2. mailako txapela janzteaz gain, aurten lehen mailako Buruz Burukoan jokatzeko txartela lortu zuen Etxarri Aranazko aurrelariak, eta larunbatean debutatuko du lehen mailakoan, Victorren kontra. Etxarriarrak adierazi duenez, ilusio handia du eta oso pozik dago lehen mailako Buruz Burukoan ariko delako, ʺpilotari guztien ametsa” bere hitzetan. Halaber, kontziente da etxean jokatuko duen Victor arerio oso zaila izango dela. ʺOso gogorra da. Partida oso konplikatua dut aurrean, baina ahal dudan guztia emango dut” adierazi du etxarriarrak komunikabideetan. Halaber, fisikoki ongi dagoela gaineratu du, eta entrenamenduetan dituen sentsazioak onak direla.

Victor irabaziz gero, Iker Irribarria izango litzateke bere hurrengo arerioa final zortzirenetan.

Ezkurdia final laurdenetan
Ezkurdia maiatzaren 4an sartuko da lehian, final  laurdenetan. Bere adarrean, ostiralean Labastidan Artolak eta Arteaga II.ak jokatuko dute final hamaseirena, eta irabazleak Jaka izanen du zain apirilaren 26an Tolosan jokatuko den final zortzirenetan. Partida horretako irabazlearen kontra ariko da Joseba Ezkurdia Iruñeko Labriten maiatzaren 4an jokatuko den partidan.