Jon Arakama Goikoetxea

"Sormena ez da ezerezetik sortzen"

Jon Arakama Goikoetxea idazlea eta youtuberra. UTZITAKOA

Jon Arakama Goikoetxea etxarriarrak ikus-entzunezko komunikazioa eta gidoigintza ikasketak egin ditu. Idazletzat du bere burua. Oso denbora gutxian 26.000 jarraitzaile baino gheiago lortu ditu bideo plataforma batean.

Kazetaria baino idazlea dela esan du Jon Arakama Goikoetxeak. Bere testuak eta eleberriak bere izena duen blog batean elkarbanatzen ditu. Idazlea izatea nahi du. Haren testuetan bizipenak, esperientziak eta entzundako eta ikusitako gertaerak nahasten ditu, narrazio "entretenigarriak" sortzen. Youtuberrak eta twitcherrak ikertzen hasi da ere, eta bere bideo bat birala egin da. Meneamen agertu da ere bere youtuber izena: Lord Draugr. Aurreko astean 10.000 jarraitzaile zituen, eta gaur egun 26.600 jarraitzaile baino gehiago ditu. 

Nola deskribatuko zenuke zeure burua?
Ez dakit zehazki nola deskribatu. Azkenean, askotan deskribatzean zerikusi handia du zertaz bizi zaren, eta horretarako esan beharko nuke kick boxing entrenatzailea naizela. Horretan egiten dut lan. Nire egunerokotasunean gidoiak, fikziozko narrazioak eta edozein gauza idazteari eskaintzen diot denbora gehien. Kazetari bezala ere aritzen naiz. 18 urterekin ez dakizu zehazki zer egin nahi duzun. Orduan, beste karrera bat egiten hasi nintzen, ingeniaritza, eta utzi nuen. Oso galduta nengoen eta ikus-entzunezko komunikazioa egiten hasi nintzen. Ez dakit zergatik. Argi ikusi nuen idaztea txikitatik egiten dudala, eta jarraitzen dudala. Aurretik ikasitakoa aprobetxatzeko gidoigintza egitea erabaki nuen.

Zein da zure idazteko prozesua?
Normalean ez naiz zerotik hasten. Ni errealitatean eta esperientzian oinarritzen naiz. Bai nirean eta baita ingurukoenean. Gauza horiek nahasten ditut, baita beste sortzaileek egiten dutenarekin ere. Pelikula bat ikusten badut eta gatazka interesgarria dela iruditzen bazait edo pertsonaia batek garapen interesgarri bat egiten duela, hori hartuko dut, errealitateko zerbaitekin nahastuko dut eta horrela istorio bat aterako zait. Nik uste ez dela inoiz ezerezetik sortzen, sormenak ez du horrela funtzionatzen. inguruan dauden gauzak bata bestearekin nahastuz sortzen da.

Zure narratzailea kazetari bat izan ohi da. Zure alter egoa izan daiteke?
Ariketa moduko bat egin dut. Duela gutxi hasi nintzen honekin. Sakanako rave batean infiltratuta artikuluarekin hasi nintzen, eta beste artikuluren bat egin dut estilo horretan. Orain Youtuben hasi naiz eta ez dakit pertsonaia bera den edo ez.

Blog batean idazten dituzu.
Nik argi neukan honetan jardun nahi badut, epe luzerako prozesu bat dela. Orduan, ezin dut idazten den guztia argitaratu. Beraz, egindako ariketa asko, ipuinak, eleberriak, narrazioak eta abar, blog batean publikatu ditut: https://jonarakama.wordpress.com. Gainera, Amazonen erdarazko narrazio labur bat publikatu dut eta blogean, euskarri digitalean, eleberri bat publikatu dut.

Zer moduz doaz?
Ongi. Batez ere eleberria. Jende asko rave-aren artikuluagatik sartu zen. Testu hori eleberria sustatzeko erabili nuen eta berrogei lagun baino gehiagok deskargatu zuten. Gehiago sartu ziren. Hortik zenbatek irakurriko duten? Auskalo. Baina irakurri dutenek esan dute entretenigarria dela, eta hori niretako dena da. Norbaitek osorik irakurri duela jakitea niretako lorpen bat da.

Zer kontatzen du eleberriak?
Gazteendako literatura da. 13 urteko gaztetxo kuadrilla baten istorioak kontatzen ditu eta irakurtzeko oso arina da. Ez dauka inolako hondorik. Kuadrilla kontuak deitzen da, eta adin horrekin gertatzen diren gauzak aipatzen dira: txabolak, gerrak, borrokak, traizioak, laguntasuna… oso entretenigarria da.

Esan daiteke zure estiloa zinematografikoa dela?
Bai. Asko gainera. Irakurtzeko garaian ere, liburu bat hasten naizenean eta ikusten badut pixka bat astuna dela… Batzuetan fantasiazko eleberrietan gertatzen da adjektiboekin oso deigarri gelditzen dela. Niri kontrakoa gustatzen zait. Gidoigintzan estilo zuzena erabiltzen da. Ez da gehiegi azaltzen, inportanteena irakurri behar duenak argi izatea zer esan nahi duzun horrekin. Ideia bera erabiltzen dut edozein gauza idazteko.

Youtuben hasi zara ere.
Lord Draugr kanalarekin abenduan hasi nintzen. Hasieran proiektu bat bezala hasi nintzen: gidoigintza egin dudanez youtuberrak eta streamerrak gidoilari baten ikuspuntutik aztertzen hasi nintzen. Horrekin hasi nintzen baina gero eraldatzen joan naiz eta kazetari kontu horrekin nahasten hasi nintzen eta orain arrakasta izan du justu horrengatik, kazetari estilo horrengatik. Only fansen batean eta ingeleseko masterclass batean infiltratu nintzen. Azkenengo bideo hori biralizatu egin da eta orduan aste batean jende asko kanala jarraitzen hasi da. Aste honetan 10.000 jarraitzailera iritsi naiz. Flipatzen ari naiz Youtubeko kontuarekin. Euskarazko beste kanal bat dut ere: Emaionk Media izenekoa. Arte martzialei buruz hitz egiten dut. Hiru urte daramatzat horrekin, eta bideoak igotzen jarraitzen dut ere.

Espero zenuen bideo hori birala egitea?
Ez nuen espero. Pasada bat izan da. Horrekin batera kanalak goradakada bat izan du eta oso pozik nago feed back asko jasotzen ari naizelako. Milaka iruzkin jartzen dizkidate, ez bakarrik biralizatu den bideoan, baizik eta bestetan ere. Jendeari gustatzen zaio nola komunikatzen dudan, hori esaten didate. Oso pozik.

Nola bururatu zitzaizun?
Infiltratzearen kontu horrekin doala uste dut. Rave-arena egin nuen, gero only fasen infiltratu nintzen eta ingelesezko masterclass hori meme bat bihurtu zen; oso ospetsu bihurtu zen iragarki hori leku guztietan agertzen zelako. Asko agertzen zen. Orduan, pentsatu nuen begiratzera sartuko nintzela marketing aldetik nahiko gauza zeudela ikusi nuelako. Berehala konturatu nintzen zertaz zihoan dena. Bideo interesgarria iruditu zitzaidan.

Zergatik uste duzu izan dela hain arrakastatsua?
Nire komentarioekin umorea sartzen dut. Ez dakit. Arinak dira. Atzetik ez dut ikerketa periodistiko oso handia egiten, ez naiz horretaraino iristen. Twitchi eta Youtuberi buruz hitz egiten dut, eta azkenean badaramat bizitza osoa horiek kontsumitzen. Ezagutzen ditut.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Etorkizunerako gustatuko litzaidake idazteaz bizitzea. Baina oso zaila da. Hemen gidoilari bezala aritzen direnak ez dira horretaz bakarrik bizi. Lan gehigarria da. Orduan, oso zaila da horretaz bizitzea. Baina ez da hainbeste zertaz bizi nahi dudan, baizik eta zer egin nahi dudan eta gustatuko litzaidake bost edo hamar urte barru idazlea izatea. Auskalo horretaz bizitzea lortzen dudan. Baina behintzat liburu bat argitaratua izatea.

Erlazionatuak

"Bideo bat biralizatu zen eta kanala asko handitu da; flipatzen ari naiz"

Etxarri Aranatz

Jon Arakama Goikoetxea idazlea da. Orain, kanal bat egin du Youtuben eta aste gutxitan 10.000 jarraitzaile lortu zituen. Dagoeneko 22.000 jarratzai...