Etxeberri, juniorren bilgune

Guaixe 2016ko api. 29a, 13:27
Aurreko urtean Quesos Albenizeko Asier Etxeberriak irabazi zuen Lacturale Trofeoa.

Juniorren Lacturale Trofeoa 2016, igandean jokoan

Maiatzaren 1ean, igandean, jokatuko da Juniorren Lacturale Trofeoa 2016, Etxeberrin. Ermitagaña klubak antolatutako proba da, goizeko 10:30ean Etxeberriko Lacturale Granjatik abiatuko dena. Udabe aldera joko dute txirrindulariek, ondoren Jauntsarats, Erbiti eta Etxalekuraino heltzeko. Handik Ziako bidea hartuko dute, Irurtzundik pasako dira eta Madotzeko gainari ekingo diote. Lekunberrira iritsi eta Mugiroraino helduko dira, Goldaratzen dagoen helmugaraino heltzeko. 71 km-ko lasterketa dute aurrez aurre, junior mailako txirrindulariek.

Beste probak
Kadete mailako txirrindulariek larunbatean lasterketa dute Artaxoan, I. Artaxoako Hiria Trofeoa, 17:00etan (52 km). Egun berean, larunbatean,  LXXIII. Lazkaoko proban ariko dira afizionatuak, 9:30ean (146,2 km). Eskolen mailako txirrindulariek igandean proba dute Atarrabian, Olaverri Arraindegia Sari Nagusia, 10:00etatik aurrera. Ginkanan eta lasterketetan ariko dira. Bukatzeko, Lerinen VIII. Ibaigorri BTT Txirrindularitza Zeharkaldia antolatu dute larunbaterako, 9:00etan (47 km) eta igandean BTT lasterketa antolatu dute Cascanten, Virgen del Romero Trofeoa.